Mundua -

Gaza, erasopean

Borrellek Israeli gogorarazi dio gerrak ere "arauak" dituela

AEBko eta Europar Batasuneko diplomaziak Ekialde Hurbilean dira berriro. Borrell Libanon dago, eta Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak Istanbulen (Turkia) nabarmendu du, "gatazka zabaltzea saihestu behar" dela, Israelen segurtasunerako bermeak eskatzearekin batera.

Militarrak, Israel eta Libanoko arteko mugan. Argazkia: EFE
Militarrak, Israel eta Libanoko arteko mugan. Argazkia: EFE
Militarrak, Israel eta Libanoko arteko mugan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako eta Europar Batasuneko diplomaziaren goi-ordezkariak Ekialde Hurbila bisitatzen hasi dira, Palestinako gatazka eskualde osora zabal ez dadin, Israeli babesa ematen dioten bitartean.

Josep Borrell EBko ordezkariak Libanoko lehen ministro Najib Mikatirekin eta Atzerri ministroarekin bildu da, Beiruten. Europako diplomazialariak Israeli ohartarazi dio "gerrak berak ere arauak" dituela, eta Hamas "desagerrarazteko" beste bide batzuk erabiltzeko eskatu dio, ez hiltzeko "hainbeste jende errugabe".

"Gerrak berak ere arauak ditu eta nazioarteko arau humanitarioak errespetatu egin behar dira. Askotan esan dudan bezala, izugarrikeria batek ez du beste bat justifikatzen", esan du.

"Israelek Hamas desagerrarazteko gerra deklaratu du; Hamas desagerrarazteko beste modu bat egon behar da, hainbeste jende errugabe hiltzen ez duena", adierazi du.

Diplomazialariaren ustez, gerra saihestea posible da, eta elkarrizketaren garrantzia azpimarratu du: "Inork ez du irabaziko eskualdeko gatazka batekin. Egoera aztertzeko eta krisitik ateratzen laguntzeko nago hemen. Bide diplomatikoak irekita egon behar dira gerra aukera bakarra ez den seinalea bidaltzeko, aukerarik txarrena baita".

Mikatik Borrelli ohartarazi dio Israelek Libanoko lurraldean eskala handiko eraso bat egiteak automatikoki gatazka eskualde mailan lehertzea ekarriko lukeela.

"Guk bakea bilatzen dugu. Ez dugu gerra defendatzen. Egonkortasuna besterik ez dugu nahi, eta behar diren kontaktu guztiak izaten ari gara, Libanoko hegoaldean egiten den edozein bonbardaketak leherketa integral batera eramango baitu eskualdea", azaldu du.

Antony Blinken AEBko Estatu idazkaria Istanbulera (Turkia) iritsi da, eta eskualdeko bederatzi herrialde bisitatuko ditu datozen egunetan, tokian tokiko goi-kargudunekin biltzeko. Aurreikusita dago Israelera ere joatea ostegunera arte iraungo duen bidaia amaitu aurretik.

Blinken Hakan Fidan Atzerri ministroarekin bildu da aurrena, eta Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin, ondoren. Blinkenek bilera horietan azpimarratu duenez, "gatazka zabaltzea saihestu behar da, bahituak askatzea ziurtatu behar da, laguntza humanitarioa zabaldu behar da eta biktima zibilak murriztu behar dira", Matthew Miller AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak esan duenaren arabera. 

Horrez gain, eskualdeko bake zabalago eta iraunkorrago baten alde lan egitea beharrezko dela azpimarratu du Blinkenek, "Israelen segurtasuna bermatzeko eta estatu palestinar baten ezarpenean aurrera egiteko".

Blinken y Erdogan. EFE.

Bisita horren atarian, Hamasek ohar batean nabarmendu duenez, "Blinkenek eskualdera egingo duen bisitarekin Israelen erasoa amaitzea ahalbidetzea espero dugu, baita azken hiru hilabeteotako lezioak ikasi izana ere, Gazako okupazioa babestuta Washingtonek egindako akatsez jabetuta". 

"Milaka sarraskik eta suntsipen izugarrik ezin dute segurtasuna edo egonkortasuna bermatu, gure herriak bere askatasuna eta estatu independentea lortu ezean", gaineratu du Hamasek.

Israelek Gazaren aurka jarritako erabateko blokeoak aurrera jarraitzen du, Zisjordaniako erasoez gain, Hamasek Israelgo lurraldera koheteak botatzen dituen bitartean. Israelek Beiruten egindako erasoaren ondoren, Israelen eta Hezbollah miliziaren arteko erasoak nagusitu dira azken egunotan Libanoko mugan.

AEBk eta Europar Batasunak behin baino gehiagotan babestu dute Israel, Hamasek urriaren 7an egindako eraso bortitzaren ostean. Alabaina, Israelek Gazaren aurka emandako erantzun gupidagabeak 22.000 hildako eta 2 milioi desplazatu (gehienak haurrak) eragin ditu ordutik. Borrellek Israelen jarrera gaitzetsi du, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio oraindik egoerarekin haserre dauden arabiarren artean.

Israelera iristean, Blinkenek Gazako gerraosteari helduko diola aurreikusten da. Gai horrek, ordea, desadostasunak sortu ditu Israelen eta haren aliatu nagusia den AEBren artean.

Gainera, Itsaso Gorria huthien borroka-eremu nagusi bihurtu da, Yemengo zati bat kontrolatzen baitute, eta merkataritza-bide estrategiko hori ezegonkortzea lortu dute, Palestinarekiko elkartasunean. Munduko ontzi-enpresa nagusiek bertatik ibiltzeari utzi diote, eta nazioarteko merkataritzaren % 15 inguru igarotzen da huthien erasoak jasaten ari den inguru horretatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Turkia Israel Palestina Giza eskubideak albisteak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Libano Hamas