Mundua -

Itsas segurtasuna

Espainiak ez du parte hartuko AEBk Itsaso Gorrian matxino huthien aurka abiarazitako nazioarteko misioan

Defentsa Ministerioaren esanetan, Itsaso Gorrian itsas segurtasuna bermatzeko edozein misiok "berezko izaera izan behar du", eta Espainia ez dago horren aurka, baina bai ezein misiotan laguntzeko 'Atalanta' itsas operazioa moldatzearen aurka.

Ontzi bat, Suezko ubidea gurutzatzen, Itsaso Gorrirantz. EFE.
Ontzi bat, Suezko ubidea gurutzatzen, Itsaso Gorrirantz. EFE.
Ontzi bat, Suezko ubidea gurutzatzen, Itsaso Gorrirantz. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Defentsa Ministerioak larunbat honetan azpimarratu duenez, ez du parte hartuko AEBk Itsaso Gorrian itsas trafikoaren segurtasuna bermatzeko abiatutako operazioan, eta helburu horretan "eraginkortasun handiena" lortzeko Europa mailako "misio berri eta espezifiko bat" sortzea proposatu du.

Margarita Roblesek zuzentzen duen departamentuak berretsi egin du aurretik esandakoa, hau da, ez duela parte hartuko matxino huthiek Itsaso Gorrian igarotzen diren ontziei egindako erasoei erantzuteko AEBk iragarritako 'Oparotasunaren Zaindaria' operazioan.

Ministerioak ukatu egin du Espainiak Itsaso Gorrian EBren misio bat egiteko betorik jarri izana. Are gehiago, azaldu duenez, "Itsaso Gorrian lortu nahi den eraginkortasunik handiena izateko", "ezinbestekoa" da "EBko erakundeek adostutako misio berri eta espezifiko bat sortzea, irismen, bitarteko eta helburu propioekin", eta "Espainia ez dago EBk misio bat sortzearen aurka", gaineratu du.

Ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, "Espainia aliatu serio eta fidagarria da eta izango da beti, EBrekin, NATOrekin eta NBErekin konprometitua (...). Espainiak eta bere Indar Armatuek bakearekin duten konpromisoa erabatekoa" da. Baina Espainiak ez du nahi 'Atalanta' itsas operazioaren agindua aldatu behar izaterik beste misio batean laguntzeko, eta, hain zuzen ere, Europako Batasunaren erabaki hori da Espainiak blokeatu duena, bere beto eskubidea erabilita.

Itsaso Gorrian itsas segurtasuna bermatzeko helburua duen edozein misiok, Ministerioaren esanetan, "berezko izaera duen misio espezifikoa izan behar du, nahi duten Europako herrialdeetako Itsas Indarrek parte har dezaten, eta ez 'Atalanta' operazioaren hedapen hutsa".

Izan ere, gogorarazi duenez, 'Atalanta' operazioa Espainiak Indiako ozeanoan pirateriaren aurka martxan duen operazioa da, Espainiak bakarrik gidatua, eta Victoria fragata ari da misio horretan.

Hori horrela izanik, "begi bistakoa da Indiako ozeanoko pirateriaren aurkako 'Atalanta' misioaren izaerak eta helburuek ez dutela zerikusirik Itsaso Gorrian lortu nahi direnekin", erantsi du.

"Hori dela eta, Espainiak 'Atalanta' operazioa babestu nahi du, egungo helburu, hedapen eta irismena mantenduta, Indiako ozeanoan pirateriaren aurkako borrokak, azken egunotan ikusten ari garen bezala (bi ontzi hartu dituzte piratek oso denbora laburrean), ahalik eta dedikazio handiena eskatzen baitu", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Politika Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Ekialde Hurbila