Mundua -

Gaza, erasopean

13.000 gazatar hilda eta 6.000 hondakin artean desagertuta

Zaurituak 30.000 baino gehiago dira, horietatik % 75 haurrak eta emakumeak. Gainera, 200 osasun-langile, erreskate zibileko 22 langile, NBEko 104 langile eta komunikazioko 60 profesional hil dituzte urriaren 7tik.

Khan Yunisko errefuxiatuen kanpamentua suntsituta. EFE.
Khan Yunisko errefuxiatuen kanpamentua suntsituta. EFE.
Khan Yunisko errefuxiatuen kanpamentua suntsituta. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazan, 6.000 pertsona baino gehiago desagertuta daude hondakinen azpian edo kalean botata, inork gorpuak jaso ezinda, Gazako Gobernuaren Komunikazio Bulegoak igande honetan jakitera eman duenez. Gainera 13.000 dira dagoeneko, urriaren 7tik Israelen erasoen ondorioz hildakoak.  

Uste dute desagertutako pertsona gehienak, tartean 4.000 adingabe, hilda daudela, baina larrialdi edo erreskate taldeak ezin dira haiengana iritsi Israelek Gazari erasotzen dion bitartean. 44 egun daramatza dagoeneko eraso gogorrean. Krisi humanitarioa latza da Zerrendan, Israelen setioak 2,3 milioi palestinar utzi ditu ia janaririk, urik, botikarik eta erregairik gabe.

Baieztatutako 13.000 hildakoen artean, 5.500 haur eta 3.500 emakume baino gehiago daude, eta 200 mediku, erizain eta paramediko baino gehiago eta erreskate zibileko 22 langile ere hil dituzte.

Zaurituak 30.000 baino gehiago dira, horien % 75 haurrak eta emakumeak dira; hori guztia, suntsipena gero eta zabalduago dagoen toki batean, tropa israeldarrek Gazan egiten ari diren lurreko operazioan aurrera egiten ari diren bitartean.

UNRWAko 104 langile hil dituzte eta instalazioei eraso diete

UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak iragarri duenez, Isralek euren 104 langile hil ditu. Azkena larunbat honetan hil dute, Gaza iparraldean egindako bonbardaketa batean. "Inoiz gatazka batean hildako NBEko langileen kopururik altuena da", gogorarazi du.

Azken 24 orduetan UNRWAren instalazioei eta barne desplazatuei eragin dieten "gertakari ugari" salatu ditu Agentziak, eta "instalazioetan errefuxiatuta zeuden barne desplazatuen artean hildakoak eta zaurituak" izan direla gaineratu du.

"160.000 desplazatu inguru UNRWAren 57 eskolatan zeuden errefuxiatuta, iparraldean eta Gazako hirian, urriaren 12an, Israelgo agintariek ebakuazio-agindua eman aurretik", adierazi dute.

Erakundeak zehaztu duenez, 1,7 milioi palestinarrek utzi dute bere etxea Zerrendan, urriaren 7tik. Horietatik, 884.000 inguru UNRWAk Zerrendan dituen 154 instalaziotan daude; tartean Erdialdean, Khan Yunisen eta Rafahn dauden 97 instalaziotan dauden 724.000 errefuxiatu. Hain zuzen ere, iparraldetik azken horietara joateko esan die biztanleei.

Campamento provisional de la ONU en Khan Yunis. EFE

Komunikazioko 60 profesional hil dituzte

Lau kazetari eta tokiko hedabideetako bi langile hil ditu Israelek larunbat honetan, bonbardaketen ondorioz, Palestinako Kazetarien Sindikatuak "odoltsu" tzat jo duen egunean.

Urriaren 7tik, kazetaritzan aritzen ziren edo sare sozialetan influencer-ak ziren 60 gazatar hil ditu Israelek, Gazako Gobernuaren Komunikazio Bulegoaren arabera. "Kazetariak helburu nagusia dira gure herriaren aurkako helburu ugarien artean", eta argi dute hilketa horien xedea "egiaren ahotsa isilaraztea" dela.

Gerra hasi zenetik, Gazako kazetariak garesti ari dira ordaintzen euren lana. Horietako batzuk informatzen ari ziren tokian bertan hil dira, eta beste batzuk, berriz, beren etxeetan. Bonbardaketetan hiltzen dituzte, beren familietako beste kide batzuekin batera, Zerrendako milaka zibili gertatzen ari zaien bezala, edo beren ibilgailuen aurkako eraso zuzenetan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Errefuxiatuak Ekialde Hurbila