Mundua -

Gaza, erasopean

Israelek gutxienez 80 palestinar hil ditu, tartean zenbait haur, Nuseirateko errefuxiatu-eremuan

Israelen aire erasoek gutxienez 150 hildako utzi dituzte Zerrenda osoan gaurko egunez. Testuinguru horretan, Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Politikarako goi-ordezkariak Palestinar Aginte Nazionala Gazara itzultzearen alde egin du.

Israelen bonbardaketak Gazan. Argazkia: EFE
Israelen bonbardaketak Gazan. Argazkia: EFE
Israelen bonbardaketak Gazan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak Nuseirateko (Gaza) errefuxiatu-eremuaren aurka egindako bonbardaketa batek gutxienez 80 palestinar hil ditu, 150 hildako inguru utzi dituen aire-erasoen egun batean.

Maan albiste agentzia palestinarrak jasotako informazioen arabera, Nuseiraten bilaketa lanetan parte hartzen ari diren erreskate taldeek eta zibilek 80 gorpu atera dituzte orain arte hondakinen artetik, tartean hainbat haur.

Gainera, Gazako Al Zaitun auzoan milaka desplazatu hartzen dituen eskola baten kontrako beste bonbardaketa batean dozenaka pertsona hil eta zauritu direla nabarmendu du, eta Al Sabra auzoan beste eraso batek dozenaka biktima utzi dituela.

Era berean, iparraldean gutxienez hamaika pertsona hil dira Yabaliako errefuxiatu-eremuan (Gazako Zerrendako handiena), plaza baten kontra egindako bonbardaketa batean.

Halaber, Nama irratiak Yabalian duen egoitza suntsitu dute errefuxiatu-eremuan egindako beste eraso batean, eta gutxienez hiru pertsona hil dira Gaza Hirian izandako beste bonbardaketa batean, tartean Jaled abu Hilal, Al Ahrar Mugimenduko idazkari nagusia.

Bestalde, bederatzi palestinar hil dira Rafahko (hegoaldea) hiriaren ekialdean, Egiptoko mugan, izandako eraso batean, eta beste hamar Al Qararan eta Bani Suhailan, lurraldearen hegoaldean, egindako bonbardaketa batean.

Palestinar Aginte Nazionala Gazara itzultzearen alde agertu da orain Borrell

Testuinguru horretan, Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Politikarako goi-ordezkariak Palestinar Aginte Nazionala Gazako Zerrendara itzultzearen alde egin du ostiral honetan, etorkizuneko plan gisa, lurraldea egonkortzeko eta bi estaturen konponbidean aurrera egiteko.

Mohamad Shtaye Palestinako lehen ministroarekin batera Ramallahn emandako prentsaurrekoan, diplomazia buruak "Palestinar Agintea Gazara itzultzea" eskatu du. "Zuei buruz ari naiz, han zaudete, ez duzue inoiz Gaza utzi, herritarrei zerbitzuak eskaini dizkiezue eta lan hori egiten jarraitzeko gaitasuna duzue", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Errefuxiatuak Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu gaur