Mundua -
GERRA GAZAN
Gazako Zerrendako biztanleen aldeko manifestazioak izan dira mundu osoan
Israelen erasoaldi militarraren aurrean, milaka pertsonak babesa adierazi diete Gazako Zerrendako herritarrei Parisen, Bruselan, Montrealen, Stockholmen edota Kopenhagen, besteak beste.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Milaka pertsonak euren babesa adierazi diete Gazako Zerrendako herritarrei Parisen, Bruselan, Montrealen, Stockholmen eta Kopenhagen, besteak beste, Israel egiten ari zaien eraso militarraren aurrean.
Frantziako hiriburuan, 15.000 lagun inguru bildu dira Errepublika plazan, Poliziaren kalkuluen arabera, "Gaza, Paris zurekin dago" oihu artean, urriaren 7an Hamasek egindako erasoaren ondoren Palestinaren alde baimendu den lehen manifestazioan.
Bruselan, berriz, 12.000 pertsona inguruk manifestazioa egin dute Europako auzoa delakoan, Bruselako erdigunean, EBko erakundeek su-etena exijitzeko eta Israelek Gazako Zerrendari ezarritako setioa amaitzeko eskatzeko. Pankarten artean, "Gelditu ditzagun erasoak" eta "Palestina askea" leloak irakur zitezkeen.
Montrealen ere, Kanadan, milaka pertsona bildu dira Palestinako herritarrei elkartasuna adierazteko, bonbardaketak amaitzeko eskatzeko eta blokeoa bertan behera uztea eta Palestinar herriaren askatasuna aldarrikatzeko.
Manifestazio jendetsuak egin dira Suedian, Danimarkan, Pakistanen, Yemenen eta beste hainbat tokitan ere.
Atzo, milaka lagun bildu ziren Donostian, Gazako bonbardaketa amaitzeko eskatzeko eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Bartzelonan, 70.000 lagun inguru bildu ziren antolatzaileen arabera; 20.000, udaltzainen arabera.