Mundua -
Israel-Hamas Gerra
Bahitutako bi estatubatuar askatu dituela jakinarazi du Hamasek, arrazoi humanitarioak argudiatuta
Talde islamistaren arabera, "bi ama-alaba" dira, Judith eta Natalie Raanan. AEBk eta Israelek ez dute oraindik ezer baieztatu.
Agentziak | EITB MEDIA
Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoaren adar armatuak (Al-Qassam Brigadak) iragarri duenez, bahitutako bi estatubatuar askatu ditu, arrazoi humanitarioak argudiatuta, Qatarren bitartekaritzari esker. AEBk eta Israelek ez dute oraindik ezer baieztatu.
"Ameriketako Estatu Batuetako bi atxilotuak askatu ditugu AEBko herriari eta munduari erakusteko Joe Biden AEBko presidenteak Hamasen aurka egindako akusazioak faltsuak direla", adierazi dute. Urriaren 7an Israelgo hegoaldean egindako erasoaldian zibil israeldarren sarraskiagatik erakunde terroristatzat jo zuen Bidenek Hamas.
Talde islamistaren esanetan, "bi ama-alaba" askatu ditu. Hamaseko iturri batek EFEri jakinarazi dionaren arabera, askatu dituzten bahituak Judith eta Natalie Raanan dira, Evanstonekoak (Illinois), Chicagotik gertukoak. Gaza gobernatzen duen talde palestinarrak urriaren 7an bahitu zituen biak, Israelgo lurraldearen aurka egindako erasoaldian, Nahal Oz kibbutzean zeudela.
Azaldu duenez, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin koordinatu dira bi bahituak erakundearen esku uzteko, eta biak Israelgo lurretara iritsi direla ziurtatu dute. "Gure aldetik, urrats humanitario argia da gure gatazka Israelekin bakarrik dagoela erakusteko", adierazi du mugimendu islamistaren iturriak.
Israelgo Armadaren kalkuluen arabera, 200 bat pertsona ditu oraindik Hamasek, bahituta.
Rafahko pasabidea irekitzearen zain
Egipto eta Gazako Zerrenda artean dagoen Rafahko pasabidea asteburuan zabalduko dutela iragarri du Joe Biden AEBko presidenteak aste honetan. 24-48 orduko epean, laguntza humanitarioa daramaten 20 kamioi Gazara sartuko direla esan du, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruarekin Etxe Zurian egin duen bileran.
Israelgo eta Egiptoko agintariek Rafahko pasabidea zabaltzeko "konpromisoa" agertu diotela ziurtatu du Bidenek. "Datozen 24-48 ordutan 20 kamioi sartuko direla uste dut", adierazi du.