Mundua -

Israel-Hamas gerra

Bidenek iragarri du asteburu honetan sartuko dela laguntza humanitarioa Gazara

Israelgo eta Egiptoko agintariek Rafahko pasabidea zabaltzeko "konpromisoa" agertu diotela ziurtatu du AEBko presidenteak. "Datozen 24-48 orduotan 20 kamioi sartuko direla uste dut", esan du.

Hainbat kamioi zain Rafahko pasagunean. Argazkia: EFE
Hainbat kamioi zain Rafahko pasagunean.
Laguntza humanitarioa Gazara iritsi ezinda dagoen bitartean, Israelen bonbardaketek ez dute etenik

0:39

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egipto eta Gazako Zerrenda arteko Rafahko pasabidea asteburuan zabalduko dutela iragarri du Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. 24-48 orduko epean laguntza humanitarioa daramaten 20 kamioi Gazara sartuko direla esan du AEBko buruak, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruarekin Etxe Zurian gaur egin duen bileran.

Israelgo eta Egiptoko agintariek Rafahko pasabidea zabaltzeko "konpromisoa" agertu diotela ziurtatu du AEBko presidenteak. "Datozen 24-48 orduotan 20 kamioi sartuko direla uste dut", adierazi du.

Bestalde, Jens Laerke Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Laguntza Humanitarioa Koordinatzeko duen Bulegoaren bozeramaileak goizean zehaztu duenez, Gazako Zerrendan dauden zibilen beharrak hil edo bizikoak dira: elikagaiak, ura, botikak eta erregaia. Azken hori ezinbestekoa da ospitaleak martxan izateko (generadoreen bitartez ari dira hornitzen). "Erregaiak biziraupena bermatzen du. Bederatzi eguneko itzalaldiaren ostean funtzionatzen duen apurrak generadoreei esker egiten du", adierazi du. 

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia eta Martin Griffith erakundeko koordinatzaile humanitarioa Egiptoko Gobernuarekin ari dira sarbidea negoziatzen. Elikagaiz, urez eta botikaz betetako dozenaka kamioi zain dira Rafahko pasagunean, Egipto eta Gaza artean, baimena noiz emango. 

"Negoziazioak aurreratuta ditugu laguntza operazioa lehenbailehen has dadin, baldintza egokietan", azaldu du Laerkek Genevan egindako prentsaurrekoan. 

Hain justu, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Rafahko pasagunera joan da gaur. "Ezinezkoa zait hemen egon eta bihotza ez apurtzea. Bi milioi pertsona daude gorriak ikusten, janaririk gabe, botikarik gabe... Dena behar dute bizirauteko. Alde honetan, kamioiak eta haiek behar duten guztia daukagu. Kamioi horiek ez dira kamioiak bakarrik, bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea dira; ahalik eta gehien sartu behar ditugu", azpimarratu du.

Egiptok esana du dena prest dagoela pasabidea zabaltzeko, baina gutxieneko segurtasuna behar dela, Israelen bonbardaketak etengabeak dira eta. Gaza iparraldetik ihesi, milaka eta milaka lagun daude Zerrendaren hegoaldean, mugatik gertu. 

NBEren arabera, Gaza hegoaldera sartzeko mekanismoa behar da, baina desiragarriena su-etena litzateke, laguntza behar duen orori emateko, non dauden gorabehera. Oraindik argitzeke dago zertan geratuko den laguntza humanitarioaren inguruko akordioa: denbora baterako edo mugagabea den, osasun eta langile humanitarioek sartzerik izango duten, edota Gazatik inor (batez ere atzerritarrak) irteteko baimena emango duten. 

4.137 palestinar hil ditu Israelek

Bitartean, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen du, eta Zerrendara lurretik sartzeko prestatzen ari da. Gazako Osasun Ministerioak salatu duenez, Israelgo Armadak San Porfirio eliza ortodoxoa bonbardatu du bart, eta 16 palestinar kristau hil. Gurtzako zentroak babesgune bilakatu dira Gazan, eta aterpe bila joandako ehunka lagun zeuden bertan, umeak tarteko. 

Gazatar batzuk, bondardatua izan den elizaren inguruan. Argazkia: EFE

Agintari palestinarrek egindako azken balantzearen arabera, 4.137 pertsona hil eta 13.260 zauritu dituzte gerra hasi zenetik. Ashraf al Qidra Gazako Osasun Ministerioaren bozeramailearen hitzetan, gutxienez 1.161 haur zendu dira Israelek egindako erasoetan. 

Agerraldi berean, bozeramaileak jakinarazi du 7 ospitale eta 21 osasun etxe zerbitzutik kanpo daudela bonbardaketen ondorioz. 

Biktima horiei guztiei Zisjordanian eragindako heriotzak erantsi behar zaizkie. Palestinako Aginte Nazionalaren arabera, 81 dira. 

Hain justu, NBEren Giza Eskubideetarako Bulegoak kritikatu du Palestinako eremu horretako segurtasuna kinka larrian dagoela, mundu guztia Gazari begira dagoen bitartean. Erakundearen arabera, "indar israeldarrek 73 palestinar hil dituzte, 19 ume tartean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Giza eskubideak Biden gaur Ekialde Hurbileko albisteak