Mundua -

AEB

Bidenek laguntza militarrerako dirua eskatu dio Kongresuari, Putin eta Hamas "tirano eta terroristen aurka"

AEBko presidentearen arabera, talde islamiarrak eta Errusiako presidenteak, biek, "inguruko demokraziak suntsitu nahi dituzte". Kopururik ez du zehaztu, baina hainbat hedabideren arabera, 100 000 milioi dolar baino gehiago izan daitezke.

Biden bart, Bulego Obaletik AEBko herritarrei zuzendutako hitzaldian. EFE
Biden bart, Bulego Obaletik AEBko herritarrei zuzendutako hitzaldian.
Biden bart, Bulego Obaletik AEBko herritarrei zuzendutako hitzaldian. EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak laguntza militarrerako milioika dolarreko diru partida onartzea eskatu dio herrialdeko Kongresuari, Vladimir Putin eta Hamas "tirano eta terroristen" aurka. Izan ere, Bidenen ustez, biek nahi dituzte "inguruko demokraziak suntsitu". 

Bidenek herritarrei zuzendutako 15 minutuko agerraldia egin du ostegunean (goizaldean, Euskal Herrian). Etxe Zuriko Bulego Obaletik AEBko telebista nagusiek zuzenean eskaini duten hitzaldian argudiatu duenez, AEBko "interes nazionalarentzat ezinbestekoa" da laguntza militarra onartzea bi gatazketan nahastuta baitago. 

Kopuru zehatzik ez du aipatu AEBko buruzagiak, baina hainbat hedabideren arabera, 105.000 milioi dolarretik gorakoa (99.307 milioi euro) izango da proposamena. The New York Times egunkariari datuaen berri duten iturriek esan diotenez, kopuruaren erdia pasatxo (60.000 milioi dolar) Ukraniarentzat izango da; 14.000 milioi, Israelentzat; 7.000 milioi, Asia-Ozeano Barea eremurako (Taiwan barne); 14.000 milioi, Mexikoren eta AEBren arteko muga indartzeko; eta 10.000 milioi hainbat gatazkatan laguntza humanitarioa emateko. 

Bidenen aburuz, mundua "inflexio puntuan" dago, "AEB buru duten demokrazien eta Txina eta Errusiako eredu autoritarioen arteko borroka betean". Erantsi duenez, "Hamas eta Putin mehatxu ezberdina dira, baina bat egiten dute helburuan: inguruko demokraziak suntsitu nahi dituzte". 

Hamasi eta Putini "eragin duten mina ordainarazten ez badiegu, munduan kaosa eta hondamendia nagusituko dira".

Israeli eman beharreko babesean ados daude Kongresuko demokratak eta errepublikoanoak. Ukrainako gerrari dagokionez, ordea, errepublikanoen baitan zatiketa dago, eta sektore bat ez dago Kiev sostengatzen jarraitzeko prest. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Vladímir Putin Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Joe Biden Errusia-Ukraina gerra Ekialde Hurbila