Mundua -

EUROPA-AFRIKA

Militar frantsesak "modu ordenatuan" aterako direla Nigerretik iragarri du Macronek

"Frantziak Nigerrekin duen lankidetza militarrari amaiera ematea erabaki du" azaldu du presidenteak. Frantziako estatuburuak aurreratu duenez, "datozen orduetan" Frantziak Nigerren duen enbaxadorea Parisera itzuliko da.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak igande honetan iragarri duenez, "hemendik urte amaierara arte militar frantsesen irteera ordenatua" egongo da Nigerren. Une honetan 1.500 soldadu inguru daude bertan.

Uztailean Mohamed Bazoum presidentea boteretik kendu eta herrialdearen buru junta militar bat jarri zen, estatu-kolpea emanda.

TF1 eta France 2 kateei eskainitako elkarrizketa batean, Macronek adierazi zuen Frantzia "beti" prest egongo dela Afrikari laguntzeko terrorismo jihadistaren aurkako borrokan, betiere demokratikoki hautatutako gobernuek edo eskualdeko erakundeek eskatuta. "Amaitu da Frantzia-Afrika (kontzeptu geopolitikoa), estatu-kolpeak daudenean ez dugu esku hartzen", esan du.

2022az geroztik, Nigerren zeuden Barkhane operazio anti-jihadistan parte hartutako hainbat miltar frantses. Malitik joan zien bertara, boterean zegoen junta militarrak -Errusiaren aliatuak- erabat baztertu baitzuen Frantziak bere lurraldean presentzia izatea. "Han izan gara Nigerrek eskatu zigulako, Burkina Fasok, Malik, beren lurraldeetan terrorismoari aurre egiten laguntzeko. Orain, herrialde horiek estatu-kolpeen biktima izan dira. Gaur bertan hitz egin dut Bazoum presidentearekin, anbizio handiko erreformak egiten ari zelako atxilotuta dagoenarekin", zehaztu du Macronek.

"Frantziak Nigerrekin duen lankidetza militarrari amaiera ematea erabaki du" azaldu du. Frantziako estatuburuak aurreratu duenez, "datozen orduetan" Frantziak Nigerren duen enbaxadorea Parisera itzuliko da.

Niamey hiriburuan, Ouallamen, iparraldean, eta Ayoroun, Maliko mugatik gertu, daude banatuta Frantziako militarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Niger azken ordukoa