Mundua -

EB-ren egoerari buruzko saioa

Bruselak ikertu egingo ditu Txinak auto elektrikoei ematen dizkien "legez kanpoko laguntzak"

Halaber, Europako Batzordeko presidenteak iragarri du 2024 hasieran abiatuko dutela Ukraina eta Balkanetako herrialdeak EBra biltzeko prozesua.

Von der Leyen, bere hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE
Von der Leyen, bere hitzaldiaren une batean.
Von der Leyen, bere hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula von der Leyen Europako Batzordearen (EB) presidenteak iragarri duenez, Bruselak ikerketa abiatuko du Txinaren kontra honek auto elektrikoa ekoizteko ematen dituen eta ustez legez kanpokoak diren dirulaguntzen harira

Auto elektrikoak erosten dituzten kontsumitzaileei 2027ra arte Beijingek aplikatzen dituen zerga-salbuespenak (72.300 milioi dolarreko balioa ei dute) "praktika desleiala" direla uste du, eta Europako merkatuari kalte nabarmena egiten diotela. 

Iragarpena Batasunaren egoerari buruzko eztabaidaren hastapeneko hitzaldian egin du Von der Leyenek. "Ekonomia garbi batentzat ezinbesteko industria da auto elektrikoena. Europak potentzial nabarmena du, baina munduko merkatuak Txinako auto elektriko merkeez josita daude, eta artifizialki salneurri txikiei eusten badiete, Estatuak ematen dituen dirulaguntzak oso handiak direlako da", azaldu du. 

Von der Leyenen aburuz, egoera horrek "merkatua distortsionatu du". Ohartarazi duenez, "Europak lehiatu nahi du, baina ez azpitik jokatuta". 

Ikerketa gorabehera, Batzordeko presidenteak azpimarratu du beharrezkoa dela Txinarekin komunikazio eta elkarrizketa bideak zabalik izatea, biek "lankidetzan aritu ahal eta behar dutelako". Horren ildoan, Valdis Dombrovskis Batzordeko presidenteorde ekonomiko eta Merkataritza arduraduna Txinara joango da datorren astean "ekonomia eta merkataritza alorreko erronkak eta aukerak" aztertzeko, Dombrovskisek berak X sare sozialean iragarri duenez.

Ukraina eta Balkanak EBn sartzeko lanak, 2024tik aurrera

Bestalde, Europar Batasuna handitzeko egitasmoak ahotan, iragarri du Ukraina eta Balkanetako herrialdeak sartzeko erreformak aztertzen hasiko dela 2024ko lehen seihilekoan. "Ukrainaren etorkizuna, Moldaviarena eta Balkanetakoa gure Batasunean dago", aldarrikatu du. 

Hain justu, Zelenskiren Gobernuak estatusa jaso zuenetik egindako "pauso handiak" goraipatu ditu, baita hautagai diren beste herrialde batzuen "asmo sendoak" ere. 

Ukrainako gerra tarteko, bertako herritarrei EBn ematen zaien babesa luzatzeaz —2024ko martxora arte dago indarrean— mintzatu da Von der Leyen. 

La Eurocámara, hoy, durante el discurso de Von der Leyen. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Txina Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua