Mundua -
TXINA
Hainbat atxilotu eta segurtasun neurri bereziak Hong Kongen, Tiananmengo sarraskiaren 34. urteurrenean
Azken orduotan zortzi pertsona atxilotu dituzte, "ordena publikoa aztoratzeagatik, sedizioa bultzatzeagatik eta jarrera iskanbilatsuagatik". Hori dela eta, segurtasuna nabarmen indartu da Hong Kongen, 6.000 polizia-agenterekin.
EITB MEDIA
Hong Kongeko poliziak zortzi pertsona atxilotu ditu azken orduotan, horietako lau "ordena publikoa aztoratzeagatik, sedizioa bultzatzeagatik eta jarrera iskanbilatsuagatik". Bitartean, tokiko agintariek segurtasuna indartu dute Tiananmen plazan izandako sarraskiaren 34. urteurrenean; izan ere, 1989an, bertako indar armatuak tankeekin sartu ziren bertan, ikasleek bultzatutako protesta baketsu bat indarrez desegiteko helburuarekin.
Ohartarazpenak alde batera utzita, pertsona batzuek, horien artean liburu-dendetako jabe batzuek, isilean gogoratu dute Hong Kongen ekainaren 4an gertatutakoa. Gainera, protestak deitu dituzte Londres, New York, Berlin eta Taipei hirietan ere, tropa txinatarrek manifestarien aurka burututako errepresio hura gogoratzeko asmoz. Halaber, Ipar Amerikako, Europako eta Asiako 30 lekutan egingo dituzte omenaldiak. Taiwanen, omenaldiadia libreki gauzatu dezakete, eta ekintzaileek ekitaldi baketsu bat egingo dute Askatasunaren Plazan.
Urtero bezala, manifestari talde batek askatasunaren aldeko deia egin du Hong Kongen, bertako legeak Alderdi Komunistaren aurkako protestak baimentzen ez dituen arren. Horien artean zegoen Sanmu Chan artista, gertatutakoa ez ahazteko hainbat aldarrikapen oihukatu dituena. "Ez dezagun ahaztu ekainaren 4an gertatutakoa. Hong Kongeko jendea, ez izan haien beldur!", oihukatu du, poliziak atxilotuta zeramala.
Hori dela eta, segurtasuna nabarmen indartu da Hong Kongen, 6.000 polizia-agenterekin (istiluen aurkako agenteak eta terrorismoaren aurkako agenteak barne). Poliziaren arabera, azken orduetan atxilotutako zortzi pertsona horiek "legez kanpoko ekintzak" egin dituzte. Bestalde, Hong Kongeko ekintzaileek adierazi dute polizia-jarduera hori Txinaren politika sistematiko baten parte dela, disidentziarekin amaitzeko asmoz. Testuinguru horretan, goi-kargudunek legea errespetatzeko ohartarazi diete herritarrei.
"Polizia oso kezkatuta dago, pertsona batzuk beste batzuk nazioarteko segurtasuna, ordena publikoa eta segurtasun publikoa arriskuan jartzen dituzten legez kanpoko ekintzak egitera bultzatzen saiatzen ari direlako", azpimarratu du Hong Kongeko poliziak ohar batean. Pekinen, Tiananmen plaza turistaz bete da gaur, egunero bezala.
"34 urte igaro diren arren, guretzat, sarraski hartan eraildakoen senideontzat, gau hartan gure ingurukoak galdu izanak izugarrizko mina eragin digu egunero", adierazi dute senideek New Yorken egoitza duen Human Rightsin Txina giza eskubideen aldeko erakundeak egindako adierazpen batean.