Mundua -
Protestak Israelen
70.000tik gora lagun kalera atera dira Israelen, Netanyahuren erreforma judizialaren aurka
Manifestariek goraino bete zuten Tel Avivko Habima Plaza larunbatean, Justiziaren kaltetan Gobernuari botere gehiago emango liokeen ekimen baten aurka agertzeko.
Pablo Duer | EFE | EITB Media
70.000 israeldar baino gehiago kalera atera dira larunbat honetan Tel Aviven, Benjamin Netanyahuren gobernu berriaren erreforma judizialaren, sistema demokratikoarentzat mehatxutzat jotzen dutenaren aurka protesta egitera. Herrialdean urteetan egin den protestarik handiena izan da.
Botere Judizialaren kaltetan, Exekutiboari botere gehiago emango liokeen ekimena arbuiatzeko Tel Aviveko Habima plaza bete zuten manifestariek.
Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren, herrialde osotik joan ere, Israelgo banderak eskuan; baita aterkiak ere, larunbatean hiria astindu zuten neguko zaparradetatik babesteko.
Zenbaitek Benjamin Netanyahu lehen ministroaren eta Yariv Levin Justizia ministroaren aurkako mezuak zeramatzaten kartelak atera zituzten, eta beste hainbatek azken urteetan lehen ministroaren aurkako protestetan ikur bilakatu ziren bandera beltzak.
Larunbat honetan Tel Aviven egin den manifestazioan oposizioko hainbat politikarik ere hartu dute parte. Urteetan izandako handiena izan da eta, Habima plazaz harago, inguruko kaleak ere jendez gainezka izan dira.
Gainera, beste bi protesta garrantzitsu egin ziren Haifa eta Jerusalem hirietan, eta 2.000 pertsona inguru bildu ziren haietan, Israelgo hedabideek egindako kalkuluen arabera.
Jendetza bilduko zela ikusita, istilu posibleen abisua emanda zuen Poliziak eta mila agente inguru jarri zituen plaza eta inguruetan, baina protesta giro lasaian eta istilu handirik gabe egin zen.
Manifestariei galdetuta, Wilhelm Alter israeldarrak EFEri azaldu zionez, "kezkatuta nago Israelgo erregimen juridikoaz, eta beldur naiz kasu kriminal asko bizkar gainean dituen pertsona batek zuzendutako gobernu batek erreforma masibo bati ekingo ote dion, Israelgo erregimen juridikoaren muina aldatuko duena", Netanyahuk hiru ustelkeria kasu ezberdinetan, iruzurra, eroskeria eta konfiantza-abusua egotzita, aurre egin behar dion epaiketari erreferentzia eginez.
Dorit Volach manifestaria familiarekin joan zen Kiryat Onotik Tel Avivera, eta "herrialdearen etorkizunaz eta igarotzen ari den prozesu antidemokratikoez kezkatuta" zegoela esan zuen.
Erreformaren gakoak
Justizia ministro berriak iragarritako erreforma judizialerako planek neurri polemiko bat jasotzen dute, "baliogabetze klausula" gisa ezagutzen dena. Neurri horren bidez, legebiltzarkideen gehiengo soil batek baliorik gabe utz dezake Auzitegi Gorenak lege edo gobernu-erabaki bat baliogabetzeko hartutako edozein erabaki.
Horrek bidea erraztuko luke Exekutiboa botere judizialaren gainetik jartzeko, bien arteko gatazkarik izanez gero.
Bestelako erreformak ere badakartza proposamenak, esaterako, Izendapen Judizialen Batzordeko abokatuak kargu politikoengatik ordezkatuko lituzketen erregulazioak; halaber, ezabatu egiten du "arrazoizkotasun" kasua deiturikoa, Auzitegi Gorenak goi-kargudun politikoen izendapena eragotzi ahal izatea ahalbidetzen duena, legea urratu dutela uste badu.
Herritarren eta Justiziaren gaitzespena
Neurri horiekiko herritarren gaitzespena agerikoa izan da egungo Exekutiboa agintean jarri zen egunetik. Larunbat honetako manifestazioa Tel Aviven egun gutxitan egiten den bigarrena izan da.
Herritarrek ez ezik, Justiziako goi-kargudunek ere arbuiatu egin dute erreforma, Esther Hayut Auzitegi Goreneko presidentea tartean. Hayutek "Justiziaren independentziari egindako zauri hilgarri"-tzat jo du aste honetan gertatua.
Ayala Procaccia Goreneko presidente ohian ere ez dator bat Gobernu berriaren planarekin. Hain zuzen ere, larunbat honetan Tel Aviven egindako manifestazioan jendeari zuzendu zitzaion, eta ohartarazi zuenez, "herrialde batean epaileek kalera atera behar badute, horrek esan nahi du muga guztiak hautsi direla".
"Demokraziak definizio berria duen aro baten hasieran gaude: demokrazia osatugabe bat, boto-emailearen ustezko borondatean oinarritzen dena, eta balio demokratiko oinarrizkoenei garrantzirik ematen ez diena", gaineratu zuen Procacciak, jendetzaren aurrean.