Mundua -
Haurtzaroaren babesa
155 herrialdetan 110 milioi haur artatuko dituela aurreikusi du Unicefek 2023an
NBEren agentzia horren zuzendari exekutiboak nabarmendu duenez, "arreta humanitarioa behar duten haurren kopurua azken urteetako handiena da". Izan ere, aurten egoerak okerrera egin du, besteak beste, Ukrainako gerraren, elikagai ziurtasun ezaren eta gaixotasunen agerraldien ondorioz.
Agentziak | EITB Media
2023an zehar, 155 herrialdetan 110 milioi haurri laguntza ematea aurreikusi du Unicefek, NBEn haurtzaroa babesteko agentziak. Horretarako 10.000 milioi dolar beharko dituela zehaztu du.
"Arreta humanitarioa behar duten haurren kopurua azken urteetako handiena da", adierazi du ohar batean Catherine Russell Unicefeko zuzendari exekutiboak, eta gaineratu haurrei erasaten dien "krisien koktel hilgarria" dagoela —gatazkak, gaixotasunak eta malnutrizioa—.
2022an okerrera egin du munduko egoerak. Besteak beste, Ukrainako gerrak, gora doan elikagai ziurtasun ezak, Pakistango uholde suntsitzaileak, eta kolera eta elgorri agerraldiak eraginda.
Krisi eta gatazken ondorioz, euren etxeetatik ihesi egin behar izan duten 37 milioi ume daude munduan, Bigarren Mundu Gerratik inoizko kopuru handienean.
Plan humanitarioaren barruan, honako laguntzak ematea aurreikusi du Unicefek: 8,2 milioi haurrentzat malnutrizioaren kontrako tratamenduak ematea, 28 milioiri elgorriaren aurkako txertoa jartzea, 63,7 milioiri ur edangarria helaraztea edota 25,7 milioiri hezkuntzarako eskubidea bermatzea.
Herrialdeka, laguntza gehien behar dutenak hauek dira: Afganistan (1.650 milioi dolar), Ukraina eta errefuxiatu ukrainarrak (1.058 milioi), errefuxiatu siriarrak (867 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoa (862 milioi) eta Etiopia (674 milioi).
Guztira, 10.300 milioi dolar beharko ditu agentziak 2023an zehar programa humanitarioak garatzeko.