Mundua -

Errusia

Munduko lider politikoen erreakzioak Mikhail Gorbatxoven heriotzaren aurrean

Mundu osoko buruzagi politikoek mezuak idatzi dituzte Mikhail Gorbatxov Sobietar Batasuneko azken presidentearen heriotzaren aurrean.

Mikhail Gorbatxov, 1991ako irudi batean. EFE
Mikhail Gorbatxov, 1991ako irudi batean. EFE
Mikhail Gorbatxov, 1991ako irudi batean. EFE

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu osoko buruzagi politikoek mezuak argitaratu dituzte Mikhail Gorbatxov presidente sobietarraren heriotzaren aurrean. 

Kremlinen webgune ofizialean argitaratutako telegrama batean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du Mikhail Gorbatxov azken buruzagi sobietarra "munduko historian eragin handia izan zuen politikari eta estadista" izan zela. "Gure herria zuzendu zuen aldaketa konplexu eta dramatikoen, eskala handiko atzerri politikaren, eta erronka ekonomiko eta sozial handien garaian. Sakonki ulertu zuen erreformak beharrezkoak zirela, eta premiazko arazoei bere konponbideak eskaintzen ahalegindu zen", idatzi du, familiari doluminik zintzoena bidaltzearekin batera. 

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia "oso atsekabetuta" agertu da Mikhail Gorbatxov buruzagi sobietar ohiaren heriotzagatik. "Historiaren ibilbidea aldatu zuen, eta Gerra Hotza modu baketsuan amaitzeko beste edozein pertsonak baino gehiago egin zuen estatu-gizon bat" zela esan du astearte honetan. Gorbatxovek 1990ean Nobel saria jaso zuenean eskainitako hitzaldiaren zati bat gogoratu nahi izan du: "Bakea ez da antzekotasunean batzea, aniztasunean batzea baizik".

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak doluminak eman dizkie Mikhail Gorbatxov buruzagi ohi sobietarraren familiari eta lagunei. Halaber, haren adorea goraipatu du, "gauzak aldatu egin behar zirela" onartzeagatik. "Reagan presidentearekin lan egin zuen gure bi herrialdeetako armategi nuklearrak murrizteko, lasterketa nuklearraren amaieraren alde otoitz egiten ari zen mundu osoko jendearen lasaitasunerako", azpimarratu du, eta gaineratu du "ezohiko buruzagi baten ekintzak izan zirela: etorkizun ezberdina posible zela ikusteko irudimena eta hori lortzeko bere karrera guztia arriskuan jartzeko adorea izan zituen buruzagi batena", gaineratu du.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak asteazken honetan Twitterren azaldu duenez, Mikhail Gorbatxov buruzagi sobietarraren "erreforma historikoek Gerra Hotza amaitzen lagundu zuten, eta Errusiaren eta NATOren arteko elkarte bat sortzeko aukera zabaldu zuten".

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Twitterren duen kontu ofizialean azpimarratu duenez, "Mikhail Gorbatxov konfiantzazko liderra eta errespetatua zen. Berebiziko garrantzia izan zuen Gerra Hotza amaitzeko eta altzairuzko teloia eraisteko. Europa libre baterako bidea ireki zuen".

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak Gorbatxovez esan du "erreformista adoretsua eta erabaki ausart asko hartu zituen estadista" izan zela. "Ez dugu ahaztuko Perestroikak Errusian demokrazia ezartzeko saiakera ahalbidetu zuela, bai eta demokrazia eta askatasuna Europan errealitate bilakatzea ere, Alemania bateratu eta altzairuzko oihala desagertzea ere ahalbidetuz", azpimarratu du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atsekabea agertu du Mikhail Gorbatxoven heriotzagatik, eta bere erabakiekin "Gerra Hotza amaitzen eta Europa, eta mundua, bake eta askatasun handiagoko leku bihurtzen" lagundu zuela gogorarazi du.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak doluminak eman ditu Gorbatxoven heriotzagatik: "Mikhail Gorbatxoven heriotzagatik nire doluminak. Europan bakearekin zuen konpromisoak gure historia aldatu zuen", idatzi du Macronek Twitterren.

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak adierazi duenez, Gorbatxovek "lorpen handia utzi du bere atzean, arma nuklearren abolizioa babestuz".

Gorbatxov larunbatean hobiratuko dute Moskuko Novodevichy hilerrian, Errusiako beste hainbat pertsonaia historikorekin eta Raisa bere emaztearekin batera. Aurrez, hil-kapera Sindikatuen Etxeko Zutabeen Aretoan jarriko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Errusia Vladímir Putin NBE NATO Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Joe Biden Olaf Scholz