Mundua -

krisi diplomatikoa

Aljeriaren erabakiaren ondorioak aztertuko ditu Espainiak, EBren aurrean salatzerik duen ikusteko

Kanpo ministroak adierazi du neurri horren ondorioak "zehatz-mehatz aztertuko" dituztela. Aljeria ez da Munduko Merkataritza Antolakundeko (MMA) kide eta, hortaz, kasu honetan ezin da mekanismo hori baliatu.

Jose Manuel Albares, Espainiako Kanpo ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Manuel Albares, Espainiako Kanpo ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Manuel Albares, Espainiako Kanpo ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aljeriak Espainiarekiko duen saleroste jarduera eteteko hartutako erabakiak izan ditzakeen ondorioak aztertzen ari da espainiar Gobernua, magrebtar herrialdea Europar Batasunaren aurrean salatzerik duen ikusteko, Hogeitazazpien eta Aljerren arteko Akordioa bete ez izanagatik.

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak ostegun honetan EBren eta Aljeriaren arteko itunari buruz adierazi duenez, "zehatz-mehatz" aztertzen ari dira "neurri honek nazio eta Europa mailan izan ditzakeen ondorioak eta irismen praktikoa".

Ministroak aurreratu duenez, behin azterketa hori amaituta, Gobernuak "behar bezalako erantzuna emateko" gaitasuna izango du. Kanpo Arazoetako ministroaren esanetan, erantzun hori "lasaia eta konstruktiboa izango da, baina baita Espainiaren eta enpresa espainiarren interesekiko irmoa ere".

Emaitzaren arabera, Gobernuaren aukeretako bat litzateke Aljeria EBren aurrean salatzea, 2005ean indarrean sartutako elkartzeko ituna ez betetzeagatik. Nolanahi ere, Gobernuko iturriek Europa Press agentziari helarazi diotenez, "ez da ezer aurreratu behar".

Salaketarako oinarria

Printzipioz, Espainiak "Ordainketa korronteak eta kapital zirkulazioa" testuko IV. tituluko 1. atalari heldu liezaioke Aljeria salatzeko. Bertako 38. artikuluak xedatzen duenez, "alde biek hartu behar dute transakzio korronteei dagozkien ordainketekiko konpromisoa, nahieran bihurtu daitekeen txanpon baten bitartez".

Bestalde, itunaren aplikazio eta interpretazioari dagokienez desadostasunik izanez gero, EBk eta Aljeriak testuan adierazitako Elkarte Batzordera jo dezakete. Hori desadostasuna konpontzen saia daiteke, "erabakiaren bidetik"; 100. artikuluaren arabera alde biek bete behar dutelarik. Europako Batzordeko eta Europar Batasuneko ordezkariek osatzen dute, batetik, eta Aljeriakoek, bestetik.

Erabakirik adostu ezean, aldeetako bakoitzak epaile baten izendapenaren berri eman beharko dio besteari. Beste horrek, berriz, bere epailea izendatu beharko du bi hilabeteko epean, eta Elkarte Batzordeak hirugarren bat izendatuko du. Hiruren artean, gehiengoaren erabaki bat hartu behar lukete, alde biek bete beharrekoa.

2020an ere aurkeztu zuen Europar Batasunak Elkartzeko Akordioak eskaintzen duen esparruaren aurkako helegitea. Izan ere, 2015ean Aljeriarekin gatazka izan zen, urte horretatik 1.500 milioi euroko murrizketak ezartzen baitizkie herrialdeak inportazio europarrei.

Tradizioz, Europar Batasunak Munduko Merkataritza Antolakundera (MMA) jotzen du bitarteko herrialdeekin tirabirak izaten direnean, baina kasu honetan ezinezkoa da, Aljeria ez baita arbitratze-erakunde multilateral horretako kide.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur EB Espainia bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Mendebaldeko Sahara azken ordukoa Maroko azken ordukoa