Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Etxeratze agindua ezarri dute berriro Kieven, larunbat goizera arte

Bart, Lviveko aireportuaren inguruan entzun dira ozenen leherketak, herrialdearen mendebaldean, Poloniako mugatik 70 kilometrora. Hain zuzen, milaka errefuxiatuk iheserako erabiltzen ari diren pasabidean.

Kiev, gaur goizean. Argazkia: EFE
Kiev, gaur goizean. Argazkia: EFE
Kiev, gaur goizean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den otsailaren 24an Errusiak Ukrainaren kontra erasoa abiatu zuenetik, bonba-hotsek ez dute etenik herrialde horretan, eta bertako agintariek, beste etxeratze agindu bat ezarri dute Kiev hiriburuan. Joan den astertetik asteazkenera arte ere, etxeratze agindua ezarri zuten, bonbardaketak hiriko hainbat auzotan areagotzen ari zirelako.

Kieveko Administrazio Militarrak sare-sozialen bidez zabaldutako mezuan iragarri die herritarrei kalera ez irteteko agindua: "Kieveko eskualde osoan etxeratze agindua ezarriko da, martxoaren 18 honetako 20:00etatik martxoaren 19ko 07:00ak arte", jasotzen du hitzez hitz mezuak. 

Hiriaren segurtasuna bermatzeko "ahalegin guztiak" egiten ari direla azaldu dute agintari ukrainarrek, eta beraz, "emandako aginduak betetzeko" eskatu diete herriarrei.

Bart, Lviveko aireportuaren inguruan entzun dira ozenen leherketak, herrialdearen mendebaldean. Poloniako mugatik 70 kilometrora dago aireportua, eta Ukrainako milaka herritar Europako Batasunerantz ihes egiteko erabiltzen ari diren bideetako bat da. 

Errusiako Armadak Lviveko aireportuaren inguruak bonbardatu ditu
Errusiako Armadak Lviveko aireportuaren inguruak bonbardatu ditu
Errusiako Armadak Lviveko aireportuaren inguruak bonbardatu ditu

0:31

Andrii Sadovy Lviveko alkateak Telegram bidez eman du bonbardaketen berri. "Rashisten misilak Lviveko aireportuaren inguruan lehertu dira", idatzi du mezuan. Argitu duenez, hegazkinak konpontzeko planta bat erabat txikitu dute bonbek, baina erasoan ez da inor zauritu. Antza, inbasioa hasi zenetik konponketa-planta geldirik zegoen, eta, beraz, ez zegoen inor barruan. Sadovyren arabera, aireportua bera ez da kaltetu baina inguruko eraikin asko bai. Herritarrei "agintarien aholkuak" jarraitzeko eskatu die alkateak, eta ez ditzatela erasotutako lekuen argazkiak zabaldu.

Bestalde, Kiev hiriburuan gau lasai samar baten ostean, gutxienez lau haur hil dira Errusiako Armadak misilekin egindako beste eraso batean Vitali Klitxko alkateak jakinarazi duenez. Gainera, kalte materialak ere nabariak dira eta gutxienez sei etxebizitza-eraikin, ikastetxe bat eta haurtzaindegi bat kaltetu dira.

Ukraina osoan izaten ari dira erasoak azken orduak
Ukraina osoan izaten ari dira erasoak azken orduak
Ukraina osoan izaten ari dira erasoak azken orduak

3:57

"Ez da negoziazio-taktiken berri emateko unea"

Bien bitartean, Errusiaren inbasioa hasi zenetik egunero herritarrei igortzen dien mezuan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak negoziazioen inguruan diskrezioa eskatu du, bart. "Ez da negoziazio-taktiken berri emateko unea", esan du.

"Bakearen aldeko negoziazioak, subiranotasunaren aldekoak, gure estatuaren lurralde osotasunaren eta gure askatasunaren aldekoak, isilean egiteko ordua da, eta ez hedabidetan edota sare-sozialetan. Bide zuzena hori dela uste dut", azpimarratu du..

Halaber, Ukrainako Armadaren "erresistentzia-lana" txalotu du Zelenskik.

Biden-Xi bilera, gaur

Bestalde,  Joe Biden eta Xi Jinping, Estatu  Batuetako eta Txinako presidenteak, hurrenez hurren, bilera telematikoa egingo dute gaur, Ukrainako gerraz hitz egiteko. 

Jen Psaki Etxe Zuriko Prentsa-idazkariak, atzo, ohar bidez jakitera eman zuenez, Txinarekin "komunikazio bideak zabalik" izan nahi ditu AEBk, uste baitu herrialde "eraginkorra" izan daitekeela Errusiaren inbasioa gelditzeko.

Txinako Gobernuak, dagoeneko, aurreratu du ez duela onartuko Estatu Batuek enpresa edota eragile txinatarrak presionatzea, Ukrainako gerraren aurrean erabaki bat edo bestea hartzerako orduan.

Mehatxu nuklearraren aukera baztertu du NATOk

Eta ingurumari honen erdian, Carmen Romero Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundeko (NATO) diplomazia idazkariorde ondokoak esan du Errusiaren aldetik eraso nuklearra etorriko dela esateko zantzurik ez dutela. Hori bai, Vladimir Putinen Gobernuak arma biologikoak edota kimikoak erabiltzea ez du baztertzen NATOk.

Gaur gaurkoz, Romerok ez du uste Putinek inbasioa bertan behera uzteko asmorik duenik, ezta "erasoen gogortasuna arintzeko" ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski Polonia