Mundua -

Ukrainako gerra

Polonia, Txekia eta Esloveniako buruzagiak Kievera joan dira Zelenskiri babesa emateko

Hiru gobernuburuak Europar Batasunaren ordezkari gisa joan dira Kievera, eta Ukrainako presidentearekin bildu dira. Bitartean, Errusiako Armadak Ukraina bonbardatzen segitzen du.

Polonia, Eslovenia eta Txekiar Errepublikako lehen ministroak, Volodimir Zelenskirekin Kieven. EFE
Polonia, Eslovenia eta Txekiar Errepublikako lehen ministroak, Volodimir Zelenskirekin Kieven. EFE
Polonia, Eslovenia eta Txekiar Errepublikako lehen ministroak, Volodimir Zelenskirekin Kieven. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poloniako, Txekiar Errepublikako eta Esloveniako lehen ministroak (Mateusz Morawiecki, Pietr Fila eta Janez Jansa, hurrenez hurren) Ukrainara joan dira, eta Volodimir Zelenski presidentearekin eta Dneys Shmyhal lehen ministroarekin bidu dira.

Zelenskik batzarraren bideo bat publikatu du bere sare sozialetan, eta azpimarratu du Europako agintarien bisita "babes testigantza handia" izan dela.

Poloniako Gobernuak arratsaldean jakinarazi duenez, hiru buruzagiak goizean abiatu dira trenez, eta iluntzean iritsi dira Kievera. Bitartean, Errusiako Armadak Ukrainako hiriburua eta beste hainbat zonalde bonbardatzen jarraitu du.  

"Europar Batasunak Ukrainaren independentzia eta subiranotasuna babesten dituela berrestea eta herrialde horri laguntzeko onartu ditugun neurriak aurkeztea dira batzarraren helburuak", adierazi du Poloniako Gobernuak.

Europar Batasuneko buruzagiek joan den astean Versaillesen egin zuten goi-bileran erabaki zuten ordezkaritza bat bidaltzea Kievera, Zelenskirekin aurrez aurre hitz egiteko.

Ekimenak Europako Batzordearen eta Europako Kontseiluaren oniritzia jaso zuen, eta NATO eta Ameriketako Estatu Batuak jakinaren gainean zeuden.

Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, Morawieckik adierazi du Errusiako Armada Ukrainako "hiriak bonbardatzen" ari dela, "zibilak eta ospitaleak" tartean, eta Vladimir Putin "tirano krudel bat" dela salatu du.  

Mezuarekin batera, zenbait argazki atxiki ditu. Hiru agintariak ikus daitezke horietan, mahai baten inguruan eserita, Ukrainako mapa bati begira.

"Hemen, gerrak suntsitutako Kieven, egiten da historia. Hemen askatasunaren alde eta tiraniaren aurka borrokan ari dira. Hemen guztion etorkizuna dago jokoan", azpimarratu du beste mezu batean.

"Europar Batasunak Ukraina babesten du, eta gure laguntza aintzat har dezakeela esan nahi diogu: horixe da Kievera dakargun mezua", erantsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Ameriketako Estatu Batuak bideoak Europa bideoak NATO albisteak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski Polonia