Mundua -
Ukrainako gerra
AEBk eta Erresuma Batuak Errusiako petrolioa inportatzea debekatu dute
"Ez dugu Putinen gerra diruz lagunduko", esan du Joe Biden presidenteak Etxe Zurian. AEBk Errusiako gasari ere jarri dio betoa; ez, ordea, Erresuma Batuak.
Agentziak | EiTB Media
Errusiako petrolio eta gas inportazioak debekatu ditu gaur Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Ukrainako gerragatik Moskuri presioa egiteko neurri gisa.
"Horrek esan nahi du AEBko portuetan ez dela Errusiako petroliorik onartuko", adierazi du Bidenek Etxe Zurian.
"Ez dugu Putinen gerra diruz lagunduko", iragarri du Bidenek agerraldian. Errusiaren gaineko presioa areagotzen jarraitzeko eskatu du agintariak, "historiako zigor ekonomiko sorta esanguratsuenaren ostean".
Estatu Batuek petrolio ekoizpena areagotuko dutela esan du buruzagiak, isolamendu energetikoari aurre egiteko. Era berean, Europako aliatuekin elkarlan "estua" izateko konpromisoa agertu du, epe luzera Errusiaren energiarekiko dependentzia pixkanaka murrizteko estrategia prestatzeko.
"Demokrazia defendatzeak kostuak izango ditu, baita guretzat ere", onartu du AEBko presidenteak.
Errusia mundu mailan energia ekoizle handienetarikoa da. Washingtonek bakarrik debekatu ditu inportazioak, Europar Batasuneko aliatuek erreparoak baitituzte; izan ere, Errusiako energiaren dependentzia handiagoa dute.
Horrela, Errusiatik datorren petrolioa inportazioen ia % 8 dira Ameriketako Estatu Batuetan, baina % 27 dira Europan.
Venezuela, aukera orain
Washingtonek, Donald Trumpen agintaldian (2017-2021), Venezuelaren aurkako zigor ekonomiko gogorrak ezarri zituen 2019an, besteak beste, petrolio esportazioei, Venezuelaren motor ekonomiko nagusiari, hain zuzen ere. 2021eko urtarrilean Etxe Zurira iritsi zenetik, zigorrak mantendu ditu Bidenek.
Hego Amerikako herrialdearen industria energetikoaren blokeoak Moskurekiko dependentzia areagotu du Ameriketako Estatu Batuetan. Washington Caracasi ezarritako zigor batzuk kentzea planteatzen ari da orain, CNNk aipatutako iturrien arabera.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak baieztatu duenez, AEBren ordezkaritza batekin bildu zen asteburuan, Caracasen. Washingtonen hitzetan, "errespetutik agenda komun bat" aurrera eramateko aukera planteatu dute, mundu mailako segurtasun energetikoaren mesedetan.
Londresek Moskuren petrolioa erosteari utziko dio urte bukaeran
Erresuma Batuak Errusiako petrolioaren inportazioak pixkanaka murriztuko ditu, eta Londresek Moskuren petrolioa erosteari utziko dio urte bukaeran, Kwasi Kwarteng bertako Energia ministroak iragarri duenez.
Bederatzi hilabeteko "trantsizio" tarte horrek aldaketara egokitzeko denbora emango dio Erresuma Batuko merkatuari, eta hornidura iturri berriak ziurtatu; izan ere, Errusiako petrolioak eskariaren % 8 asetzen du.
Era berean, Ukrainaren inbasioa zigortzeko, Downing Street gasa erosteari uztea aztertzen ari dela aurreratu du Kwartengek. Erresuma Batua "ez da Errusiako gas naturalaren menpeko", soilik barne kontsumoaren % 4 baita, azpimarratu duenez.
EBk % 30 murriztu nahi du Errusiatik inportatzen duen gasa aurten
Bestalde, Europako Batzordeak proposamen bat aurkeztu du Europar Batasunak Errusiatik inportatzen duen gasa % 30 murrizteko aurten, eta herrialde horrekin duen harreman komertziala erabat eteteko 2030ean.
Europar Batasunak gas-konpainia errusiarren menpe egoteari utzi nahi dio, eta horretarako gas erreserbak % 90ean egotea bermatu beharko luke urtero. Gasa pilatzeko hornitzaile berriak bilatzeaz gain, beste energia berriztagarri batzuk ezartzeko prozesuak abiaraztearen alde egingo du, gasa ordezkatzeko eta energiaren prezioaren gorakada gelditzeko.