Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainak eta Errusiak elkarri egotzi diote su-etena bete ez izana
Bonbardaketak ez direla eten esan du Sergei Orlov Mariupoleko alkateordeak, eta modu horretan, herritarrak hiritik kanpora ateratzea ezinekoa dela gehitu du. "Eromena da. Ez dago su-etenik", azaldu du. Errusiak NATOrekin gatazka bat sortu nahi izatea egotzi dio Zelenskiri.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerran aldi baterako su-etena iragarri du Errusiak, bi korridore humanitario zabaldu ahal izateko. Hain zuzen, herrialdearen ekialdean dauden Mariupol eta Volnovakha hirietako herritar zibilak kanpora ateratzeko ezarri da etenaldia.
Errusiako Defentsa Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, Moskun 10:00ak zirenean (hemen 08:00ak) sartu da indarrean su-etena, eta 15:00ak arte iraungo du. Halere, Mariupoleko agintariek salatu dute su-etena ez dela errespetatzen ari Errusiako Gobernua.
Sergei Orlov Mariupoleko alkateordeak esan duenez, bonbardaketak ez dira eten. "Eromena da. Ez dago su-etenik ez Mariupolen, ez eta agindutako gainerako lekuetan ere", jakinarazi du BBC kateari egindako adierazpenetan. "Gure herritarrak prest daude ihes egiteko, baina bonbardaketekin ezin dute", azaldu du.
Azov itsasoren ertzean dago Mariupol hiria, eta Errusiako tropek guztiz inguratuta dute. Volnovakha, berriz, Mariupoletik 65 kilometrora dago, herrialdearen ekialdean.
Errusiak ebakuazioa galaraztea leporatu die nazionalista ukrainarrei
Bestalde, Errusiak Mariupoleko eta Volnovakhako herritarren ebakuazioa galaraztea egotzi die ukrainar batailoi nazionalistei, eta jakinarazi du hiri horietatik atera behar zituzten 215.000 pertsonak ez direla "irekitako korridore humanitarioetara iritsi".
Mikhail Mizintsev Errusiako Defentsa Kontrolerako Zentro Nazionaleko buruak adierazi du Moskuk "Ukrainak jarritako baldintza guztiak" bete dituela, "ordutegiari, ibilbideari eta segurtasunari" dagokionez.
Baina Ukrainako nazionalistek eta Armadak su-etena probestu omen dute defentsa postuetan eta Mariupol osoan "indarrak elkartzeko".
"Zoritxarrez, orain arte, badakigu Mariupoletik atera beharreko 200.000 errefuxiatuetatik eta Vonovakhako 15.000tik inor ez dela iritsi irekitako korridore humanitarioetara", adierazi du koronel errusiarrak.
Iturri errusiar horren arabera, Mariupolen artilleriaren erasoa jaso dute 10:08an, "Volnovakhan etengabe 10:11tik 10:21era", eta su-etena 10:00etan hasi behar zen.
Errusiak azpimarratu du "egunero" ireki dituztela korridore humanitarioak Volnovakha eta Mariupol inguruetan, baina "batailoi nazionalek galarazi egiten diete zibilei Errusia aldera ihes egitea".
Era berean, gogorarazi du errusiar armadari esker "156.000 pertsona baino gehiago, tartean 41.596 haur" atera ahal izan direla "eremu arriskutsuetatik" Ukrainako inbasioa hasi zenetik, baina ez du zehaztu Donets eta Luhanskekoak diren edo beste leku batzuetakoak.
Kremlinek Errusiaren eta NATOren arteko gatazka sortu nahi izatea egotzi dio Zelenskiri
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Errusiaren eta NATOren artean gatazka bat sortu nahi izatea leporatu dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari. Azken horrek NATOri eskatu zion Ukrainako aire espazioan hegazkin militar errusiarrak sartzen baziren eraso ekintza gisa hartzea, baina Aliantzak uko egin zion eskaerari.
"Zelenskik egin dituen adierazpen etsigarriek ez dute baikortasunerako aterik zabaltzen, eta badirudi gatazka bat sortu nahi duela NATOren eta Errusiaren artean", azaldu du Lavrovek.
Era berean, Zelenskiri "frenesi militarista" ariketa bat egitea egotzi dio, eta horrek agerian uzten duela "Errusiako Federazioarekin bakea negoziatzeko duen beharra".
Horren harira, eta Ukrainako bake negoziazioen hirugarren bilera-sortari begira (berez, asteburu honetan da hastekoa), Lavrov ez da bereziki baikor agertu, eta esan du "arraroa" dela oraindik baldintza berriak jaso ez izana.
"Oraingoz ez dugu epe berririk jaso. Prest gaude atzo gauetik, kide ukrainarrek badakiten moduan, hirugarren bilera-sorta egiteko", adierazi du ministroak TASS albiste-agentziaren aurrean.
"Negoziazioen aurreikuspenen harira, gure aldeak Ukrainaren informazioren bat jasotzea espero dugu. Lehenengo bi bilera-sortetan bezala, egoerak oso arraroa dirudi", aitortu du ministroak.
Lavrovek azpimarratu du Errusia Ukraina inbaditzen hasi zenetik dagoela korridore humanitarioak zabaltzeko prest, baina salatu du "Ukrainiako erregimena" zibilak erabiltzen ari dela "bahitu gisa" horiek galarazteko.
Gainera, ministro errusiarrak esan du Kharkovetik ikasle atzerritarrak ateratzea galarazten ari dela, eta Khersonen uko egin diotela Errusiaren giza laguntzari.
10.000 militar errusiar hilda
Ukrainako presidenteak, bere aldetik, esan du 10.000 soldadu errusiar baino gehiago hil direla inbasioa hasi zenetik, baina ez dago Moskuren daturik informazio hori egiaztatzeko. Gaineratu du NATO izango dela aurrerantzean borrokaldietan izango diren heriotzak erantzulea, Errusiako hegazkinei aireko espazioa galarazteari uko egin diolako.
"Eraso eta heriotza gehiago egotea saihestezina denez, NATOk nahita erabaki du Ukrainako zerua ez ixtea. Gaur, NATOk bide eman dio hiri ukrainar gehiago bonbardatzeari", adierazi du Zelenskik Kieven.
Ordu batzuk lehenago, Zelenskik berretsi egin ditu NATOren aurkako kritika gogorrak. "Gaurtik aurrera hilko diren pertsona guztiak zure erruagatik ere hilko dira", adierazi dio Ukrainako presidneteak Aliantzari, "ahultasuna" eta "batasun eza" egotzi ostean.
Horren harira, Zelenskik esan du NATOren azken batzarra "ahula" eta "nahasgarria" izan dela, eta argi geratu dela "Europaren lehenengo helburua ez dela askatasunaren aldeko borroka".