Mundua -

Koronabirusa

Omikron aldaera Europan zegoen, Hegoafrikan lehendabiziko kasuak agertu aurretik

Herbehereetako agintariek jakinarazi dutenez, aldaera horren lehendabiziko kasuak Hegoafrikan kutsatutako bidaiariak iritsi baino astebete lehenago detektatu zituzten.

Gizon bat musukoa jantzita denda batetik ateratzen, Amsterdamen. Argazkia: EFE
Gizon bat musukoa jantzita denda batetik ateratzen, Amsterdamen. Argazkia: EFE
Gizon bat musukoa jantzita denda batetik ateratzen, Amsterdamen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren omikron aldaeraren lehendabiziko kasuak Hegoafrikan agertu zirela pentsatu izan da orain arte, baina gaur jakin da aldaera berria ordurako Europan zegoela.

Herbehereetako Osasun Publikoaren Institutuak jakinarazi duenez, omikron aldaeraren bi kasu detektatu zituzten azaroaren 19an eta 23an egindako probetan, hau da, Hegoafrikatik abiatutako bi hegazkinak Herbehereetara iritsi baino bi aste lehenago, hain zuzen ere. 61 bidaiarik eman zuten positibo, eta horietatik 14 lagun aldaera berriarekin kutsatuta zeuden.

Aipatu bi lagunei egindako PCR proben emaitzetan aldaera berriaren zantzuak antzeman zituzten. Hortaz, analisi berezi bat egitea erabaki zuten eta atzo baieztatu zuten omikron aldaerarekin kutsatuta daudela.

Oraingoz ez dakite bi lagun horiek Afrikan egon badira eta ikerketa bat abiatu dute non eta nola kutsatu diren argitzeko.  

Joan den ostiralean, Hegoafrikatik abiatutako bi hegazkinetan 624 bidaiari iritsi ziren Amsterdamgo aireportura. Guztiei egin zizkieten PCR probak eta 61ek positibo eman zuten. Horietako 14 zeuden aldaera berriarekin kutsatuta.  

"Laborategian egindako azterketetan omikron aldaeraren andui ezberdinak topatu ditugu. Horrek esan nahi du nor bere aldetik kutsatu zela, toki ezberdinetan eta jatorri ezberdin batekin", azaldu du Osasun Publikoaren Institutuak.

Afrika hegoaldeko herrialdeei betoa

Testuinguru horretan, Herbehereetako Gobernuak Afrika hegoaldeko herrialdeetatik abiatutako hegazkinak bere aireportuetan lurreratzeko debekua ezarri zuen.

Gainera, azken bost egunetan Afrikako hainbat herrialdetatik iritsitako bidaiariei -5.000 inguru- PCR probak egiteko agindua eman zuen, sintomarik izan ez arren eta txertatuta egon arren.

Hala ere, gaur baieztatu da omikron aldaera Hegoafrikan agertu zenerako, aldaera berri hori Herbehereetan zegoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europa Gaixotasunak Herbehereak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Bidaiak Koronabirusa