Mundua -

Koronabirusa

Muturreko egoeraz ohartarazi dute Gobernuak eta RKIk: "Alemania osoa agerraldi izugarri bat da"

Bavariak Gabonetako azoka guztiak bertan behera utzi eta diskotekak eta tabernak itxi ditu. Langileen falta ZIUen funtzionamendua larri oztopatzen ari da.

Ilarak txertaketa autobus baten aurrean, Berlinen (Alemania). Argazkia: EFE
Ilarak txertaketa autobus baten aurrean, Berlinen (Alemania). Argazkia: EFE
Alemanian konfinamendua ezartzea ari dira aztertzen

1:20

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jarduneko Gobernuak eta Robert Koch birologia Institutuak (RKI) gaur ohartarazi dutenez, Alemania muturreko egoeran dago. Intzidentzia eta positibo berrien markak bata bestearen atzetik hausten ari da, eta ospitaleak betetzeko arriskua gero eta handiagoa da.

"Egoera larria da, duela astebete baino larriagoa", adierazi du Jens Spahn jarduneko Osasun ministroak. "Alemania osoa agerraldi izugarri bat da", esan du Lothar Wieler RKIko presidenteak.

Prentsaurreko bateratua eman dute bi arduradunek. Azken lau asteetan soilik intzidentzia bost aldiz biderkatu da. Beraz, ospitaleratze eta hildako kopuruak "zoritxarrez handiak" dira, deitoratu dutenez.

Bundesrat Alemaniako Parlamentuko ganbera gorenak pandemiaren aurkako araudia berria onartu du. Olaf Scholz sozialdemokratak berdeekin eta liberalekin osatuko duen koalizio gobernuak bultzatu du legedia.

"Egoera larria da, duela astebete baino larriagoa"

Alemania pandemiaren unerik okerrenean dago delta aldaeraren eta txertaketa tasa txikiaren eraginez. Herritarren % 67,9k soilik amaitu du txertaketa. "Gogorra, mingarria eta frustragarria da", onartu dute buruzagiek, guztiek bestelako negu bat espero zutelako, txertoei esker, hain zuzen ere.

Wielerrek nabarmendu duenez, aktibo dauden kasuen kopuruak milioi erdia gainditu du, eta intzidentzia metatua zazpi egunetan 100.000 biztanleko 300 positiboen langa gainditu du (340,7, azken datuen arabera).

Alemaniak 5,2 milioi koronabirus kasuen langa gainditu du ostiral honetan, azken egunean ia 53.000 positibo zenbatu ondoren. Gainera, 200 hildako baino gehiago izan dira.

Robert Koch Institutuak jakitera eman duenez, azken 24 orduetan 52.970 positibo eta 201 hildako zenbatu dituzte. Horrela, 2020ko martxoan pandemia hasi zenetik 5.248.291 positibo eta 98.793 hildako baieztatu ditu Alemaniak.

Bavaria

Testuinguru honetan, Bavariako landerrak Gabonetako azoka guztiak bertan behera utzi ditu, eta diskotekak eta tabernak ixteko agindua eman du, covid-19ari eusteko.

Horrela, Municheko Gabonetako merkatua bertan behera uzteko erabakia iragarri zuten duela egun batzuk. Markus Soeder Bavariako presidenteak erantsi duenez, instalazioen itxiera gutxienez hiru asterako izango da.

Gainera, 100.000 biztanleko 1.000 positiboko intzidentzia gainditzen den barrutietan funtsezkoa ez den jarduera publikoa ixtea erabaki dute Bavariako agintariek.

Behargin falta

Langileen falta ZIUen funtzionamendua larri oztopatzen ari da Alemanian, eta horietako laurden bat bakarrik normaltasunez lan egiten ari da.

Alemaniako 1.300 ZIUetatik 750ek ohe kopurua mugatu behar izan dute beharginen eskasiagatik, eta beste 300 inguruk toki arazoak dituzte.

Telelana

Azkenik, telelanak Alemaniako ekonomiaren beherakada handiagoa saihestu du pandemian zehar, Spiegel astekariak gaur argitaratu duenez.

Etxetik lan egiteko aukerarik gabe, barne produktu gordinak (BPG) % 22,1 behera egingo zukeen Alemanian, eta ez % 4,9, Deloittek egindako azterketaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Alemania Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa