Mundua -
Koronabirusa
Pandemiaren laugarren olatua Europan zabaltzen ari da
Kutsatze eta heriotza kopuruak ugaritu egin dira, besteak beste, Errusian, Alemanian, Bulgarian eta Errumanian. Arrazoi nagusiak hiru dira: hotza heldu dela, covid-19aren delta aldaera kutsakorragoa dela eta herrialde askotan txertaketa-kanpaina gauzatzeko arazoak dituztela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pandemiaren laugarren olatua Europan barrena zabaltzen ari da, batez ere erdialdeko eta hego-ekialdeko herrialdeetan, eta kutsatze eta heriotza kopuruak nabarmen hazi dira.
Adituen arabera, koronabirusa berriro hedatzeko faktore nagusiak hiru dira: hotza iritsi dela, delta aldaera askoz kutsakorragoa dela eta hainbat herrialdetan txertaketa-kanpaina gauzatzeko arazoak dituztela.
Ildo horretan, heriotza gehien pertsona gutxien txertatu dituzten herrialdeetan zenbatzen ari direla azpimarratu dute.
Gauzak horrela, osasun egoera okerrenean dauden herrialdeetako gobernuek murrizketak ezarri dituzte berriz ere eta txertaketa bultzatzeko neurriak hartu dituzte.
Bulgaria da Europar Batasuneko herrialderik pobreena, herritar gutxien txertatu duena (% 22,5ek soilik hartu dute txertoa) eta batez besteko heriotza-tasarik handiena duena: egunean milioi bat biztanleko 23 pertsona hiltzen dira bertan.
Halaber, Bulgariako Gobernuak gaur jakinarazi du azken 24 orduetan 334 pertsona hil direla covid-19aren ondorioz, pandemia hasi zenetik izandako kopururik altuena.
Errumanian, kutsatzeen kopurua erdira jaitsi da azken egunetan –10.000 inguru egunero–, baina gora egin dute hildakoen kopuruak (300 baino gehiago egunero) eta ospitaleratzeek (19.000 inguru).
Gainera, biztanleriaren erdiak soilik jaso du txertoa, eta, ondorioz, txertaketa maila baxuena duen bigarren herrialdea da, Bulgariaren ostean.
Serbian ere, hazi egin dira heriotzak, eta igandean beste marka bat hautsi zuten: 69 hildako. Herrialde horretan gazteekin dute arazoetako bat, 18 eta 30 urte bitarteko herritarren % 25ek soilik hartu baitute txertoa.
Kroazian, Eslovakian, Txekian, Eslovenian eta Hungarian herritarren % 44 eta % 58 artean daude immunizatuta, eta ospitaleak pazientez betetzen hasi dira.
Inoiz baino kutsatze gehiago Alemanian
Bestalde, Alemanian inoizko intzidentzia-tasarik handiena detektatu dute aurreko astean: 2.013,7 kasu 100.000 biztanleko.
Azken 24 orduetan, 21.832 kutsatze eta 169 heriotza izan dira, eta ostiralean 37.000 positibo baino gehiago zenbatu zituzten, pandemia hasi zenetik izan den kopururik handiena.
Heriotza kopururik handiena Errusian
Bestalde, 1.211 lagun hil da gaur Errusian, koronabirusak jota, pandemia hasi zenetik izandako daturik okerrena.
Vladimir Putinek zazpi egunetan lanera ez joateko agindua ezarri zuen, kutsatzeak gelditzeko asmoz; izan ere, azken hiru asteetan, egunean 1.000 pertsona baino gehiago hil dira.
Errusia da egun bakarrean heriotza eta kutsatze gehien (39.160 positibo egunero) dituen herrialdea munduan.