Mundua -

Europar Batasuna

Poloniak bereari eusten dio, eta Europako Parlamentuak dirulaguntzak kentzea aztertuko du

Mateusz Morawiecki lehen ministro poloniarrak berretsi egin du bere Gobernuak iragarritako erreformak gauzatzeko asmoa eta Bruselari "xantaia ekonomikoa" egitea egotzi dio.

Mateusz Morawiecki lehen ministro poloniarra Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Mateusz Morawiecki lehen ministro poloniarra Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Europako Batzordeak aurre egingo dio Poloniako Gobernuak botatako erronkari

1:18

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuan astearte honetan egindako osoko bilkuran, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak azpimarratu du bere herrialdeko Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak Europar Batasuneko zuzenbidearen gainetik daudela, eta Bruselari "xantaia ekonomikoa" egitea leporatu dio.

Talde parlamentario gehienek Poloniaren jarrera salatu dute eta herrialde horren aurkako neurri gogorrak hartzea proposatu dute, Europar Batasuneko zuzenbide estatua arriskuan dagoela ohartarazita.   

"Estatu kide batzuen aldetik ohikoa bilakatu da xantaia erabiltzea eta hori ez da demokraziaren oinarria", kritikatu du Morawieckik. Lehen ministro poloniarrak ordu erdiko hitzaldia egin du, agerraldia bost minutukoa izango zela aurreikusita egon arren.   

Poloniako Auzitegi Konstituzionalak emandako ebazpena defendatu du eta "xantaia ekonomikotzat" jo du Poloniako Gobernuak erreformak gauzatzen baditu Europar Batasunak krisi ekonomikoari aurre egiteko bideratuko dituen dirulaguntzarik gabe uzteko hainbat herrialdek egin duten proposamena.

Horrez gain, "bi abiadurako Europa" dagoela salatu du eta beste herrialde batzuetan eman diren ebazpenak zalantzan jarri ohi ez direla kritikatu du. Ildo horretan, Alemaniak eta Errusiak Nord Stream 2 gasbidearen proiektua adostu dutela adierazi du.  

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, berriz, benetako eztabaidari hel diezaiola eskatu dio: "Europar Batasuneko zuzenbidearen lehentasunaz ari gara". Hala, krisiari aurre egiteko dirulaguntzak jasotzea edo ez Poloniaren esku dagoela esan du. "Independentzia judiziala berrezarri behar dute", erantsi du.  

Von der Leyen arabera, Poloniako Auzitegi Konstituzionalaren zilegitasuna "zalantzan" dago, eta azpimarratu du orain arte Bruselak ez duela inoiz galdu zuzenbide estatuari buruzko auzi judizialik.

Horrela, Poloniako Gobernuaren "mehatxuen aurrean" beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela agindu du, gatazka denboran luzatu arren.

"Demokrazia eta zuzenbide estatua autoritatea baina polikiago joan ohi dira, konponbidea bilatzeko alde guztiei entzuten dielako. Horrek ere ezberdintzen gaitu zilegitasuna indarrez lortzen dela pentsatzen duten diktadoreengandik", nabarmendu du Von der Leyenek.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europa bideoak Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala Dirulaguntzak Polonia albisteak