Mundua -
Afganistan
Europar Batasunak Afganistan inguruko herrialdeak finantzatuko ditu errefuxiatu afganiarrak har ditzaten
Talibanengandik ihesi doazen herritarrak Afganistan inguruko herrialdeetan gera daitezela lortu nahi dute EBko agintariek, migratzaileak Europara heltzea saihesteko.
AGENTZIAK | Eitb Media
Europar Batasuneko Barne ministroek bilera egin dute Bruselan Afganistango gatazkaren ondorioak aztertzeko eta bi erabaki hartu dituzte: alde batetik, errefuxiatu afganiarrak hartzea borondatezkoa izango da; eta bestetik, Afganistan inguruko herrialdeak diruz lagunduko dituzte, talibanengandik ihesi doazen herritarrak han gera daitezen eta, beraz, Europara hel ez daitezen.
Batzarra amaituta zabaldu duten oharrean adierazi dutenez, Afganistanen mugan eta igarobidean dauden herrialdeei zuzendutako laguntzak indartuko dituzte, "migratzaileak eta errefuxiatuak baldintza duinetan har ditzaten".
Neurri honen helburua legez kanpoko migrazioa, pertsonen trafikoa eta duela sei urteko migrazio masiboa ekiditea dela azpimarratu dute; izan ere, 2015ean, milioi bat migratzaile iritsi ziren Europar Batasunera eta krisi humanitario hark hainbat gabezia agerian utzi zituen.
Herrialde bakoitzak hartu beharreko errefuxiatu kopurua zehaztu zuten orduan, baina hainbat gobernu erabaki horren kontra agertu ziren eta ez zuten ebazpena bete. Orduko arazoak berriro errepikatzea saihestu nahi dute eta horretarako bidea markatu dute: migratzaileak hartzea edo ez herrialde bakoitzaren esku egongo da eta lehentasuna kolektibo zaurgarriek izango dute: adin txikikoek, adinekoek eta emakumeek.
Migratzaileak hartzeko edo Afganistan inguruko herrialdeak diruz laguntzeko aukeren arteko eztabaidan, Jean Asselborn Luxenburgoko Barne ministroa lehenengo aukeraren alde agertu da.
"Kanadak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek konpromisoak hartu badituzte, Europak ezin du zaituta jarraitu. Gure baloreekin bat egiten dutenei laguntzera behartuta gaude, ezin ditugu bakarrik utzi", azpimarratu du. Kanadak eta Erresuma Batuak 20.000 errefuxiatu inguru hartuko dituztela iragarri dute.
Europar Batasuneko agintariek beste bilera bat egingo dute irailean, zenbat errefuxiatu afganiar hartuko dituzte zehazteko asmoz.