Mundua -

Afganistan

Bidenek uste du beste atentatu bat egon daitekeela Kabulen, "datozen 24 edo 36 orduetan"

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, soldadu estatubatuarrak babesteko "beharrezko neurri guztiak" hartzeko eskatu die Afganistanen dauden goi-kargudun militarrei.

Joe Biden, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Joe Biden, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Joe Biden, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak uste du "litekeena" dela "datozen 24 edo 36 orduetan" Estatu Islamikoak beste atentatu bat burutzea Kabulgo aireportuaren aurka, ostegunean 170 pertsona hil ostean, tartean 13 militar estatubatuar.

"Egoera oso larria da, eta aireportuaren aurkako eraso terroristen mehatxua oso handia da oraindik. Gure komandanteek esan didate eraso bat egoteko arrisku handia dagoela datozen 24 edo 36 orduetan", azpimarratu du Bidenek ohar batean. Zehazki, gobernuko jeneralek eta kideek osatzen duten segurtasun nazionaleko taldearekin bildu ostean egin ditu adierazpen horiek.

Ildo horretatik, soldadu estatubatuarrak babesteko "beharrezko neurri guztiak" hartzeko eskatu die Afganistanen dauden goi-kargudun militarrei, abuztuaren 31rako aurreikusita dagoen behin betiko erretiratzea baino lehen, AEBko herritarrak eta kolaboratzaileak ebakuatzeko planarekin jarraitzen duten bitartean.

Horren harira, AEBko presidenteak ziurtatu du AEBko Gobernuak ebakuazio planarekin jarraituko duela, Afganistango egoera "gatazkatsua" izan arren.

Larunbat honetako bileran, segurtasun nazionaleko taldeak drone batekin egindako erasoaren berri eman du; izan ere, Estatu Islamikoko ustezko bi buruzagi hil dituzte, ostegunean Kabulgo aireportuaren kontra egindako atentatuaren ondorioz.

Bidenek esan du emandako hitza bete duela, eta hitzeman du Estatu Islamikoaren aurkako erasoa ez dela azkena izango. "Eraso lazgarri horretan parte hartu duen edonoren atzetik jarraituko dugu, eta egindakoa ordainduko du. Norbait AEBri kalte egiten saiatzen bada edo gure tropei eraso egiten badie, erantzungo dugu, beti. Hori ez da inoiz zalantzan jarri behar", azpimarratu du.

AEBk alerta maila gorena ezarri du osteguneko atentatuaz geroztik, Afganistanen dituen tropen aurkako mehatxuei buruzko informazio sinesgarria baitu. Gaur Pentagonoak adierazi duenez, oraindik "mehatxu sinesgarriak" daude Kabulen dituzten tropen aurka.

Bitartean, Kabulgo Hamid Karzai Nazioarteko Aireportua babesteko lanean ari diren 5.000 militar estatubatuarrak herrialdetik erretiratzen hasi dira, John Kirby Pentagonoko Prentsa idazkariak baieztatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak Joe Biden Afganistan