Mundua -

Afganistan

Talibanek bitarteko gobernu bat prestatu nahi dute etnia guztiekin

Dena dela, oraindik ez dute argitu behin-behineko gobernuak zenbat denbora iraungo duen, eta Al-Yazirak aipatutako iturriek ez dute zehaztu nor izango den agintari nagusia, baina Baradar mularrak aukera ugari ditu.

Talibanen agerraldia, Afganistango kontrola bereganatu ondoren. Argazkia: EFE
Talibanen agerraldia, Afganistango kontrola bereganatu ondoren. Argazkia: EFE
Talibanen agerraldia, Afganistango kontrola bereganatu ondoren. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talibanen mugimenduak ostiral honetan adierazi duenez, Afganistango etnia eta tribu guztietako buruzagiak bilduko dituen bitarteko gobernu bat prestatzen ari da, Qatarreko Al-Yazira hedabideak zabaldu duenez. Duela ia bi aste talibanek Kabul kontrolpean hartu zutenetik jomugan dagoen gaia bilakatu da hori, herrialdearen etorkizuna jokoan baitago.

Hala, talibanek azaldu dutenez, bitarteko gobernu "inklusiboak" 'amir al-muminin' delako bat izango du (musulmanen artean autoritate erlijioso gorena), "Afganistango Emirerri islamikoa zuzentzeko". Ildo horretatik, "etorkizuneko Gobernuaren nondik norakoak erabakitzeko eta ministroak izendatzeko lidergo kontseilu gorena" deitu dute jada.

Qatarreko hedabidearen arabera, funtsezko ministerioek Botere Judiziala, Barne-segurtasuna, Defentsa, Kanpo-gaiak, Finantzak, Informazioa eta Kabulgo gaietarako esleipen berezi bat aurreikusten dituzte. Bitarteko gobernu horretan, "herrialdeko etnia eta jatorri tribal guztietako buruzagiak" egongo dira ordezkatuta.

Horrela, talibanen mugimenduak "aurpegi berriak eraman nahi ditu Afganistango Gobernura, buruzagi tribal tayikoen eta uzbekoen seme-alabak barne".

Dena dela, oraindik ez dute argitu behin-behineko gobernuak zenbat denbora iraungo duen, eta Al-Yazirak aipatutako iturriek ez dute zehaztu nor izango den agintari nagusia. Ildo horretatik, Baradar mularrak aukera ugari ditu kargu hori betetzeko, gaur egun Kabulen dagoen talibanen sortzaileetako bat baita.

Abuztuaren 25ean, Zabihulla Mujahid talibanen bozeramaile nagusiak Afganistango hiriburuan duen bulegotik adierazi zuen bitarteko gobernua osatzea espero dutela nazioarteko tropak herrialdetik erretiratzen amaitu baino lehen, abuztuaren 31n.

Hori dela eta, Afganistango aniztasun etnikoa herrialdeko politikaren eta gatazkaren erdigunean egon da azkenaldian. Gaur egun, 40.000.000 biztanle ditu.

Afganistango behin-behineko gobernuaren osaketari buruzko xehetasunak Al Yazirak eman ditu, herrialdea Estatu Islamikoko talde jihadista afganiarrak Kabulgo aireportuaren kanpoaldean burututako atentatu bikoitzetik berreskuratzen ari denean.

Pentagonoak atzo baieztatu zuenez, 13 soldadu estatubatuar hil ziren atentatu bikoitzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa Erresuma Batua Espainiako Gobernua Espainia Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa Errefuxiatuak Giza eskubideak Afganistan