Mundua -

KORONABIRUSA

Txertoen patenteak askatzeko eztabaidari ekingo dio gaur Europar Batasunak

Ameriketako Estatu Batuek iritziz aldatu ostean, proposamena eztabaidatzeko prest dagoela adierazi du Europako Batzordeak.

Mitsotakis, Sánchez, Costa eta Merkel. Artxiboko argazkia: EFE
Mitsotakis, Sánchez, Costa eta Merkel (artxiboko irudia)
Mitsotakis, Sánchez, Costa eta Merkel. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek gaur-biharretan Porton egingo duten goi-bileran koronabirusaren aurkako txertoen patenteak askatzeko proposamena izango dute mahai gainean, AEBk txertoei patenteak kentzea babestu ostean.

Atzora arte, Europar Batasuneko herrialde gehienak eta Europako Batzordea patenteak bertan behera uztearen aurka agertu izan dira. Horren ordez, ekoizpena sustatzea eta herrialde txiroenetarako esportazioa bultzatzea proposatu izan dute.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea berriki The New York Times egunkariari eskaini dion elkarrizketan, patenteak kentzearen aurka mintzatu da. Ameriketako Estatu Batuek patenteak bertan behera uztea babestu ostean, ordea, eztabaidatzeko prest dagoela esan du. Gaineratu duenez, "krisiari modu eraginkorrean eta pragmatikoan heltzeko edozein proposamen eztabaidatzeko prest nago".

Frantzian, Emmanuel Macron presidentea patenteak "aldi baterako baliogabetzearen alde" agertu da.

Alemaniak, bere aldetik, ez du errefusatu horri buruz eztabaidatzea, baina Gobernuaren bozeramaile batek goi-bilera baino ordu batzuk lehenago ohartarazi duenez, Gobernuarentzat beharrezkoa da txertoen jabetza intelektualaren babesa mantentzea. Alemaniaren esanetan, patenteak bertan behera uzteak "ondorio larriak" ekar ditzake.

Espainiak positibotzat jo du eztabaida, baina gai "konplexua" dela esan du. Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, liberalizazioa kasu jakin batzuetan erabilgarria izan daitekeen arren, ekoizpen eta banaketa baliabideei nola eragingo liekeen ere aztertu beharko litzateke. 

Oro har, Batasuneko 27 herrialdeen baitako herrialdeen erreakzioa zuhurra izan da. Eztabaidarako atea irekita utzi dute, baina ez dute askoz ere gehiago aurreratu nahi izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Batasun europarra Espainia albisteak Alemania Frantzia argazkiak Gaixotasunak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Txertoak Koronabirusaren olatua gaur Industria farmazeutikoa