Mundua -
PROTESTAK KOLONBIAN
Kolonbian duen misio baten aurka Poliziak egindako erasoa salatu du NBEk
NBE "erabat kezkatuta" agertu da. Lasaitasunaren eta agintariek herritarren eskubideak eta askatasunak errespetarazteko duten erantzukizunaren alde egin du.
O.P. | EITB MEDIA
Nazio Batuen Erakundea "oso kezkatuta" agertu da astelehen honetan, Cali hirian izandako istiluetan, erakundeak Giza Eskubideen inguruan dituen taldeetako baten aurka Poliziak egindako erasoaren ondotik.
Juliette de Rivero Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Kolonbiako Bulegoko ordezkariak Twitterren azaldu duenez, batzordeko kideek "Poliziaren mehatxuak eta erasoak jaso zituzten, baita tiroak ere, inor zauritu ez bazuten ere".
"Pertsona guztien bizitza errespetatzeko dei egiten dugu. Soilik horrela indartuko dira demokrazia eta Zuzenbide Estatua",esan du De Riverok istiluen harira.
Marta Hurtado NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariaren bozeramaileak esan du "gertakariek eragindako inpaktua handia" izan dela eta biktima eta senideekiko elkartasuna adierazi du.
Lasaitasunerako deia egin du, eta ohartarazi du agintarien betebeharra dela herritarren eskubide eta askatasunak errespetatzea, adierazpen eta manifestazio askatasunak, kasu. Era berean, "legezkotasunaren, arretaren, beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioak errespetatu behar dituzte manifestazioei aurre egiteko"; izan ere, suzko armak erabiltzea "bizitzarako berehalako mehatxu baten aurrean" baino ez legoke justifikatuta, bere esanetan.
Ivan Duque presidenteak iragarri eta atzera botatako zerga erreformaren aurkako protestek Alberto Carrasquilla Kolonbiako Ogasun ministroaren dimisioa eragin dute.