Mundua -

Koronabirusa

Hauek dira normaltasunera itzultzeko lau faseak Erresuma Batuan

Txertaketaren, heriotza eta ospitaleratzeen beherakadaren, kutsatzeen jasangarritasunaren, eta aldaera berrien kontrolaren mende egongo dira epeak.

Londres, pandemia betean. Argazkia: Efe
Londres, pandemia betean. Argazkia: Efe
Londres, pandemia betean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 8an irekiko dituzte berriro eskolak Erresuma Batuan, eta orduan hasiko da ekainaren 21ean amaituko den deseskalatze mailakatua. Hala ere, Gobernuak ezarritako irizpideak betetzen badira soilik egingo dituzte urratsak.

Urtarrilean ezarritako neurri murriztaileak arintzen dituen ala ez erabakitzeko, Gobernuak irizpide hauek izango ditu kontuan: txertaketa programaren eboluzioa; ospitaleratzeak eta heriotzak jaisten ari oten diren; kutsatze maila osasun publikoarentzat jasangarria ote den; eta koronabirusaren aldaera berriak kontrolpean dauden.

Hauek dira lau epeak, dagozkien data eta neurriekin:

LEHENENGO FASEA (martxoak 8)

Eskolak irekiko dituzte eta aire libreko eskolaz kanpoko kirola baimenduko dute. Etxebizitza desberdinetako bi pertsona elkartu ahalko dira kaleko eremu publikoan. Zaharren egoitzetan, bisita bat baimenduko dute.

Martxoak 29: sei etxebizitzatako sei pertsona edo edozein neurriko bi etxebizitzatako egoiliarrak elkartu ahalko dira aire librean, eremu publikoan edo pribatuan.

Aire libreko kirol instalazioak irekiko dituzte berriro, tartean golf zelaiak eta saskibaloiko kantxak. Gainera, aire libreko taldeko kirola baimenduko da.

Ahal den neurrian, etxetik lan egiten jarraitu beharko da, baina "udal eremutik" kanpoko joan-etorriak egin ahalko dira.

BIGARREN FASEA (apirilak 12)

Oinarrizkoak ez diren lokalak irekiko dituzte: ile-apaindegiak, liburutegi eta musoak, tabernak eta jatetxeak, etab. Gimnasioak eta igerileku estaliak ere irekiko dituzte (bakarrik edo familian joan ahalko da). Eta zooak eta jolas-parke tematikoak irekiko dituzte, neurri zorrotzak ezarrita.

Hiletetara 30 pertsona joan ahalko dira gehienez, eta 15, ezkontza eta beilatokietara. Kanpinak eta eremu komunik ez duten oporretarako lokalak irekiko dituzte.

HIRUGARREN FASEA (maiatzak 17)

Aire librean 30 pertsona elkartu ahalko dira. Sei pertsona edo gehiago, baina bi etxebizitzatakoak gehienez, elkartu ahalko dira etxebizitza batean edo bestelako eremu itxietan (tabernak, jatetxeak, zinema-aretoak…).

Ondo bidean, nazioarteko bidaiak eta atzerriko oporrak baimentzen has litezke.

1.000 pertsona edo edukieraren erdia (gutxiena dena) sartu ahalko da kirol eremu itxietan, eta irekietan 4.000koa izango da muga. Estadio handietan, 10.000 pertsona sartuko dira gehienez, edo edukieraren erdia (kopuru txikiena).

Ezkontzetan, gehienez 30 pertsona elkartu ahalko dira, eta bestelako ekitaldiak baimenduko dituzte; jaunartzeak, besteak beste.

LAUGARREN FASEA (ekainak 21)

Harreman sozialen mugak kenduko dituzte eta itxita jarraitzen duten ekonomiaren sektore guztiak irekiko dituzte, dantzalekuak tartean. Jendetzak elkartzen diren ekitaldiak baimenduko dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Londres Bidaiak Boris Johnson Koronabirusa