Mundua -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

Luis Arcek botoen % 47 eskuratu du Bolivian, ia botoen % 50 zenbatuta

Botoen % 47,6 zenbatuta, Evo Moralesen MAS alderdiak botoen % 46,96 lortu du, CC alderdiaren (% 34,13) eta Creemos alderdiaren (% 16,81) aurretik.

MAS alderdiaren jarraitzaileak Luis Arceren garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
MAS alderdiaren jarraitzaileak Luis Arceren garaipena ospatzen
Hauteskunde akten %55 zenbatuta, apenas dago zalantzarik MASen garaipenaz Bolivian

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean hauteskunde orokorrak egin zituztenetik botoen zenbaketa egiten ari dira Bolivian. Evo Morales presidente ohiaren MAS alderdiko Luis Arce hautagaiak botoen % 46,96 eskuratu du, botoen % 47,6 zenbatuta. Carlos Mesa CC alderdiko hautagaiak bere porrota onartu du, aurkariak ateratzen dion "alde handia" tarteko, eta oposizioko buru gisa jardungo duela hitzeman du. Evo Morales presidente ohiak, bere aldetik, "herriaren borondatea" gailendu dela goraipatu du.

Botoen kontaketa oso astiro doa Bolivian. Boto zenbaketa ofizialaren arabera, MAS alderdiak botoen % 46,96 lortu du, Comunidad Ciudananaren (% 34,13) eta Creemos (% 16,81) alderdiaren aurretik.

Hauteslekuetan egindako inkesten arabera, MAS aise nagusituko da, botoen % 50 baino gehiago eskuratuta; CC alderdiak bozen % 30 baino zertxobait gehiago lortuko ditu, eta Luis Fernando Camachoren Creemos hirugarren indarra izango da, botoen % 14rekin.

Ezinegona nagusitu zen igandean Bolivian, hauteslekuak itxi eta zortzi ordu geroago ere argitaratu ez zelako hauteslekuetan egindako inkestarik ezta datu ofizialik ere. Hauteskunde Batzordeak "akatsak" onartu ditu eta akats horietatik hurrengo hauteskundeetarako "lezio garrantzitsua" ateratzea espero du.

Bozetan aukeratu dituzten presidenteak, presidenteordeak eta Batzar Legegileko ordezkariek azaroko lehendabiziko hamabostaldian hartuko dituzte beren karguak.

Emaitza ofizialak ezagutu aurretik Luis Arceren garaipena onartu du Carlos Mesak, arerioak ateratzen dion aldea handia dela aitortuta. "Emaitza oso argia da", nabarmendu du.

Hauteskunde prozesua gertutik jarraitu duten begiraleek zalantzarik gabe babestu dute prozesua.

Hauteslekuetan egindako lehen inkesten berri izan ondoren, herritar guztientzat gobernatuko duela agindu du Luis Arcek. "Demokrazia berreskuratu dugu, itxaropena berreskuratu dugu. Herritar guztientzat gobernatuko dugu, eta batasun nazionaleko gobernua eraikiko dugu", azpimarratu du.

Evo Morales presidente ohiak ere garaipena ospatu du. "Garaipen handiagatik" Arce eta David Choquehuanca zoriondu ditu Twitter sare sozialean. "Herriaren borondatea inposatu da", nabarmendu du.

MAS alderdiak irabaziz gero biharamunean Boliviara itzuliko zela agindu bazuen ere, astelehen honetan Buenos Airesen egindako adierazpenetan, "lehenago edo geroago" itzuliko dela azaldu du. Dena dela, Eva Copa Senatuko presidente eta MAS alderdiko buruzagi ere badenaren ustez, ez da "une egokia" itzultzeko, "oraindik konpondu beharreko gaiak dituelako".

Datu ofizialak jakitera eman baino lehen, Jeanine Añez jarduneko presidenteak MASeko hautagaiak zoriondu ditu, eta “Bolivian eta demokrazian pentsatuz gobernatzeko” eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioarteko berriak Alderdi politikoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Bolivia gaur Hauteskundeak gaur