Mundua -
Koronabirusa
Lesbosen dagoen Zaporeak-eko lantaldea berrogeialdian dago, sukaldea itxita
Gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu du "prestutasuna agertu duten laguntzaile sare zabala" duela, eta proiektuak aurrera jarrai dezan behar dutena egingo dutela.
agentziak | erredakzioa
Greziako Lesbos uhartean dagoen Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearen lantaldeak zuzeneko harremana izan du COVID-19a duen pertsona batekin, eta, hori dela eta, berrogeialdian dago. Ondorioz, itxi egin dute egunero errefuxiatuentzat janaria prestatzeko sukaldea.
Zaporeakek prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, segurtasun eta osasun neurri guztiak hartzeko erabakia hartu du. Hala, lantalde osoak egingo du PCR proba, eta berrogeialdia egingo dute proben emaitza jaso arte.
Bestalde, ostiral honetan bertan itxi dute sukaldea, "ahal bezain laster" irekitzeko asmoarekin. Gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu du "prestutasuna agertu duten laguntzaile sare zabala" duela, eta proiektuak aurrera jarrai dezan behar dutena egingo dutela.
Azkenik, Zaporeakek esan du bere esku dagoen guztia egingo duela "segurtasun osoz" lan egiten jarraitzeko.