Mundua -
Koronabirusa
COVID-19ak eragindako "larrialdi kasuetan" txertoa baimendu zuen Txinak uztailean
Txinako Osasun Batzordeko kide batek adierazi duenez, hainbat talde inokulatu dituzte azken asteetan, besteak beste, osasun arloko langileak eta mugetako funtzionarioak.
Agentziak | Erredakzioa
COVID-19ari aurre egiteko asmoz Txinan garatzen ari diren txertoak koronabirusak eragindako "larrialdi kasuetan" erabiltzeko baimena eman zuen herrialdeak joan den uztailaren 22an, batik bat osasun arloko langile eta funtzionarioen artean, Zheng Zhongwei Txinako Osasun Batzordeko Zientzia eta Teknologia Garapeneko Departamentuko zuzendariak adierazi duenez.
Horrez gain, Txinako Gobernuari pandemiarekin lotutako gomendioak ematen dizkion aditu-taldearen parte da Zhongwei. Bere esanetan, hainbat talde inokulatu dituzte azken asteetan, besteak beste, osasun arloko langileak eta mugetako funtzionarioak, "betiere legedia errespetatuz".
"Koronabirusarekin kutsatzeko arrisku gehiago dutelako aukeratu ditugu kolektibo horiek. Kanpotik datozen pertsonak dira uneotan Txinan positibo gehien ematen dutenak, eta, beraz, mugako funtzionarioak arrisku handiko taldeen artean daude", nabarmendu du Zhongweik. Dena dela, ez du zehaztu zenbat lagunek jaso dituzten txertoak, ezta herrialdea garatzen ari den txertoetatik zein erabili dituzten ere.
Etorkizunean, garraio industrietan eta zerbitzuetan edo lur azpiko merkatuetan lan egiten duten pertsonen artean ere zabalduko dute txertaketa programa hori, "talde immunitatea lortzeko". Ildo horretatik, koronabirusari aurre egiteko asmoz Txinan garatzen ari diren txertoak prest dituztenean "herritar guztientzat eskuragarriak" izango direla ziurtatu du Zhongweik.
Orain arte, gutxienez proben bigarren fasera iritsi diren bost txerto posible ditu Txinak. Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, oro har 12 eta 18 hilabete behar dira sortu berri den txerto bat herritarren artean erabilgarri izateko. Alabaina, osasun-larrialdiaren ondorioz Pekinek prozesuak azkartu ditu, eta fase ezberdinetako zenbait azterlan aldi berean egin ditu.