Mundua -
Koronabirusa
COVID-19aren pandemia 11,5 milioi lagunera iristear dago
Koronabirusaren ondorioz 534.000 pertsona hil dira, horietako 130.000 inguru Ameriketako Estatu Batuetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igandean 182.000 kasu baino gehiago atzeman dituzte, eta, beraz, koronabirusak kutsatu dituenen kopurua 11,5 milioira iristear dago. Astelehen goizean eguneratutako datuen arabera, Errusiako positiboen kopurua gainditu ostean, India da munduan gaitzak gogorren jo duen herrialdea, Ameriketako Estatu Batuen eta Brasilen atzetik.
Johns Hopkins Unibertsitateak astelehen honetan emandako datuen arabera, AEBn 2,9 milioi kasu atzeman dituzte (horietatik 49.200 igandean), eta bertan hil dira kutsatu gehien (130.000 inguru).
Brasil bigarren postuan dago, 1,6 milioi kasu eta 64.800 hildakorekin. Hala ere, bertan dago gaixotasuna gainditu duten pertsonen kopururik handiena ere, milioi bat pertsonatik gora sendatu baitira jada bertan.
Indiak (700.000 kutsatu eta 19.700 hildako) Errusia gainditu du astelehen goizean (689.000 kasu eta 10.000 hildako). Bosgarren tokian dago Peru (680.000 positibo eta 10.500 hildako), eta gertutik jarraitzen dio Txile (295.000 kasu baino gehiago eta 6.300 hildako).
Erresuma Batuak, bestalde, 287.000 positibo erregistratu ditu, eta 44.300 hildakotik gora. Mexikok 256.000 kasu eta 30.600 hildako ditu, eta Espainiaren aurretik kokatzen da, 250.000 positibo eta 28.300 hildako zenbatu baititu.
Italia, gaixotasunaren epizentro izan zen herrialdea, Johns Hopkins Unibertsitateak egindako zerrendaren hamargarren postuan dago, Iranek baino datu apur bat okerragoak baititu (241.000 gaixo eta 11.600 hildako jaso dira han).
Pakistan, Saudi Arabia, Turkia eta Frantzia daude 200.000 gaixotik gora zenbatu dituzten herrialdeen zerrendan hurrengo postuetan.
200.000 kasutik behera
Alemania (198.000), Hegoafrika (197.000 inguru), Bangladesh (162.000tik gora) eta Kanada (107.000tik gora) dira hurrengoak, 100.000 kasutik gora erregistratuta.
Txina dago gero, 84.800 kasurekin, eta Argentina, Egipto, Suedia, Indonesia, Bielorrusia, Belgika, Ekuador, Irak, Arabiar Emirerri Batuak eta Herbehereak estatuetan 50.000 kasutik gora erregistratu dituzte. Ondoren, 40.000 gaixotik gora daude Kuwaiten, Ukrainan, Kazakhstanen, Omanen, Singapurren, Filipinetan eta Portugalen.
Horien atzetik, Bolivia, Panama, Dominikar Errepublika, Polonia, Afganistan eta Suitza daude (30.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte horietan), eta 20.000tik gora, ostera, Israelen, Bahrainen, Nigerian, Armenian, Irlandan, Hondurasen, Guatemalan, Azerbaijanen eta Ghanan. Azken egunetako kasuen gorakadaren ondorioz, Japonia ere datu horietara gerturatzen ari da.
Azkenik, 10.000 kasu inguru atzeman dituzte Austrian, Moldavian, Serbian, Aljerian, Nepalen, Marokon, Hego Korean, Danimarkan, Kamerunen, Txekian, Boli Kostan eta Uzbekistanen.