Mundua -

Israel-Palestina

Zisjordania anexionatzeko plana atzera botatzeko eskatu dio NBEk Israeli

AEB izan ezik, nazioarteko komunitatea plan horren aurka agertu da, legea urratzen duela eta bakea negoziatzeko aukera guztiak zapuztuko lituzkeela ohartarazita.

Zisjordania. Artxiboko argazkia: EFE
Zisjordania.
Zisjordania. Artxiboko argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zisjordania anexionatzeko plana bertan behera uzteko eskatu diote Nazio Batuen Erakundeak, Arabiar Ligak eta Segurtasun Kontseiluko herrialde gehienek Israeli, egitasmo horrek bakea lortzeko ahalegin guztiak zapuztuko lituzkeela ohartarazita.  

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bilera telematikoa egin du Benjamin Netanyahuren gobernuaren asmoari buruz eztabaidatzeko. Planaren xehetasunak ez dira ezagutzen, baina uztailaren 1etik aurrera indarrean jartzea espero da.

Antonio Guterres NBEko buruzagiak esan du "une erabakigarria" dela, eta azpimarratu du plan horrek "nazioarteko legedia urratu" egingo lukeela eta "bakea lortzeko negoziazioak behin betiko amaitzea" eragin lezakeela.

Nickolay Mladenov NBEren ordezkariak erantsi du Ekialde Hurbila "une kritikoan" dagoela eta anexio horrek Israelen eta Palestinaren arteko harremana nahitaez aldatuko duela.

"Arrazoi legal eta ekonomikoez gain, Zisjordania aldebakarrez anexionatuz gero, ondoko mezua igorriko du Israelek: bake justua ezin da aldebiko negoziazioaren bidez lortu", adierazi du.  

Horrek guztiak haserrea areagotzea eta indarkeria berpiztea ekarriko duela gaineratu du, "eta ezin dugu horrelakorik gertatzea onartu", nabarmendu du Mladenovek.

Gehiengoa, kontra

Gaurkoan berriro geratu da agerian nazioarteko komunitatea kontran dagoela, eta, era berean, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Israel babesten segitzen duela.

"Israeldarrei dagokie beren soberania lurralde horretara zabaldu ala ez erabakitzea", esan du Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariak Washingtonen egindako agerraldi batean.

Europako herrialdeek gogor kritikatu dute Netanyahuren plana, legez kanpokoa dela esan dute eta ez dutela mugak aldatzerik onartuko azpimarratu dute.

Horrelako erabaki larri bat ezin daitekeela erantzunik gabe geratu adierazi du Frantziak, eta anexio horrek Europar Batasunaren eta Israelen arteko harremanean eragina izango duela ziurtatu du.

Erresuma Batuak ere ohartarazi du Israelgo Gobernuak egin nahi duenak ondorio larriak ekarriko lituzkeela, batetik, palestinarrak indarkeria erabiltzera bueltatzeko arriskua egongo litzatekeelako, eta, bestetik, nazioarteko herrialdeek Israelekiko harremanak aldatuko lituzketelako.

Ahmed Abulgueit Arabiar Ligaren idazkari nagusiaren esanetan, "Zisjordania anexionatzeko planak bakea lortzeko itxaropena suntsituko du eta segurtasuna kolokan jarriko du lurralde horretan nahiz munduan".

Riad al Malki Palestinako Atzerri ministroak esan du gatazka bidegurutze batean dagoela eta orain hartuko diren erabakiek historiaren bilakaera alda dezaketela.

"Tamalez, Israelek dauka gidaritza, eta ematen du ez dela bidegurutzean geldituko zer egin hausnartzeko; botereaz mozkortuta dago, eta inpunitate mugagabeak indarra ematen dio", gaineratu du.

Anexioa "krimena" izango litzatekeela eta horrek "zigorra" eskatzen duela ere nabarmendu du buruzagi palestinarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak NBE Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?