Mundua -
Koronabirusa
Italiako zenbait txokotan COVID-19aren presentzia esanguratsua dela ohartarazi dute
Nahiz eta kutsatze kurba kontrolpean egon, Osasun Institutu Nagusiak azaldu duenez, Lombardiak (iparraldea) Rt altua izaten jarraitzen du: 0,91. Pandemiak gehien astindutako eskualdea da.
Agentzia | Erredakzioa
Herrialdean “egoera kritikorik” ez dagoela azaldu du Italiako Osasun Institutu Nagusiak (ISS), baina txoko batzuetan koronabirusaren presentzia oraindik esanguratsua dela ohartarazi du. Horregatik, kontu handiz ibiltzea eskatu du.
Maiatzaren 25etik 31ra jasotako datuekin azterketa egin du ISSk. Rt 1 gainditzen duen eskualderik ez dagoela azpimarratu du Institutuak. Rt indizeak birusaren kutsadura gaitasuna aintzat hartzen du. Bat baino handiagoa baldin bada pandemia berriz hedatzeko eta birusaren agerraldi bat izateko arriskua dago.
Nahiz eta kutsatze kurba kontrolpean egon, Osasun Institutu Nagusiak azaldu duenez, Lombardiak (iparraldea) Rt altua izaten jarraitzen du: 0,91. Pandemiak gehien astindutako eskualdea da. Ondorioz, eskualdeko eta Italiako agintariek pandemiaren bilakaera oraindik gertutik jarraitzea komeni da.
Azken 24 orduetan 518 kutsatu berri baieztatu dituzte Italian, horietatik 400 baino gehiago Lombardian.
“Herrialdeko zenbait txokotan koronabirusaren zirkulazioak esanguratsua izaten jarraitzen du”, nabarmendu du Italiako institutuak. Zentzu horretan, herritarrek erne jarraitu behar dutela uste du, segurtasun eta prebentziorako neurriak errespetatuz, “Italian pandemia bukatu ez delako”.
Hala eta guztiz ere, “une honetan Italian egoera kritikorik ez dago”, bermatu du ISSk, eta kurbaren joera beherakoa da.
Europar Batasuneko estatuekin mugak ekainaren 3an zabaldu zituen Italiak, herritarrek koarentenarik egin beharrik ez dute, eta herrialde osoan askatasunez mugitu daitezke.
Honezkero, koronabirusak 33.774 hildako eta 234.531 kutsatu utzi ditu Italian, otsailaren 21ean larrialdi egoera hasi zenetik.