Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Protestak AEBko kaleetan zazpigarren egunez jarraian, Floyden heriotza salatzeko

Testuinguru horretan, Donald Trumpek Armada mobilizatzeko mehatxua egin du, estatuetako gobernadoreek protestak gelditzeko behar adina neurri hartzen ez badituzte.

Manifestariak, Etxe Zuriaren aurrean. Argazkia: EFE
Manifestariak, Etxe Zuriaren aurrean.
Arrazakeriaren kontrako mugimenduak ez du etenik AEBn

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manifestariak zazpigarren egunez jarraian atera dira Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hirietako kaleetara, joan den astelehenean polizia zuri batek George Floyd herritar afro-amerikarra hil zuela salatzeko. Autopsiaren arabera, asfixiagatik hil zen atxiloketaren lekuan. 

Ildo horretatik, AEBko hainbat hiritan etxeratze-aginduak ezarri dituzte azken egunetan ugaritzen ari diren protesta jendetsuak gelditzeko, baina manifestariek polizia-atxiloketa batean arraza beltzeko beste herritar bat hil dela salatzen jarraitzen dute, baita gizarte amerikarrean gaur egun dauden desberdintasun sozial eta ekonomikoak ere.

Dallasen, Texas estatuan, Poliziak gas negar-eragilea erabili du manifestariak Margaret Hunt Hill zubira iritsi direnean, protestetan bildutako herritarrak sakabanatzeko asmoz, eta manifestarien eta polizien arteko istiluak izan dira. Ondoren, modu baketsuan protesta egiten ari ziren hainbat lagun atxilotu dituzte. Hiriko zenbait tokitan, etxeratze-agindua indarrean sartu denean, manifestariek eremu horiek inguratu dituzte.

Halaber, manifestariak Washingtongo kaleetan ere ibili dira, indarrean dagoen etxeratze-agindua urratuz. Gainera, gutxienez helikoptero militar bat inguruan hegan izan da jendetza sakabanatzeko ahaleginean. Testuinguru horretan, Muriel Bowser Washingtongo alkateak Poliziaren jokabidea deitoratu du Twitter bidez zabaldutako mezu batean, eta "lotsagarritzat" jo du Etxe Zuriaren inguruetan bildu diren manifestarien aurka gas negar-eragilea "arrazoirik gabe" erabili izana.

Izan ere, tentsio handia izan da Etxe Zuriaren aurrean, Poliziak gas negar-eragileak eta gomazko pilotak erabili baititu jendetza sakabanatzeko, Donald Trump presidenteak Saint John eliza bisita zezan, eta Lafayette parkea zeharkatu behar izan du horretarako.

New Yorken kasuan, protesta jendetsuenak Brooklynen eta Manhattanen izan dira, eta han ere Poliziaren presentzia handia sumatu da. New Yorkeko agintariek ohartarazi dutenez, etxeratze-agindua indarrean dagoen bitartean kalean dauden pertsonak tokian atxilotuko dituzte, arau-haustea egotzita. Ohartarazpen horrek, ordea, ez ditu manifestarien protestak murriztu.

Martxa gehienak baketsuak izan diren arren, zenbait tokitan manifestarien eta polizien arteko istiluak izan dira, eta Poliziak gas negar-eragilea eta gomazko pilotak erabili ditu. Manhattanen, adibidez, Union Squareko hainbat dendatan erakusleihoak apurtu eta arpilaketak egin dituzte. Hala, jabetza pribatuko establezimenduetan erakusleihoak apurtu ostean, etxeratze-agindua astearte gauera arte luzatu du Bill de Blasio New Yorkeko alkateak.

Bitartean, Guardia Nazionaleko tropak eta Atlantako Poliziako agenteak Georgia estatuko hiriaren erdigunetik zabaldu dira manifestariak sakabanatzeko, etxeratze-agindua indarrean sartu denean. Ordua iritsi denean, manifestariek jaurtigaiak bota dizkiote Poliziari, eta agenteek gas negar-eragilearekin erantzun dute. Atlantako Poliziak jakinarazi duenez, 52 pertsona atxilotu dituzte azken orduetan.

Trumpek Armada mobilizatzeko mehatxua egin du

Bestalde, Donald Trump AEBko presidenteak esan du Floyden heriotza salatzeko protestak geldiarazteko asmoz Guardia Nazionala "behar beste" zabaltzeko eskatu diela estatuetako gobernadoreei. Ildo horretatik, helburu hori lortu ezean, AEBko Armada mobilizatuko duela ohartarazi du.

"AEBko Armada istiluak dauden lekuetara bidaliko dut, eta arazoa berehala konponduko dut", adierazi du Trumpek Etxe Zurian egindako hitzaldi batean. Horrez gain, bere asmoa "indarkeria gelditzea eta AEBn segurtasuna eta babesa berrezartzea" dela azpimarratu du, eta horretarako "polizien laguntza" duela ziurtatu du.

"Eskura ditudan baliabide federal guztiak mobilizatuko ditut, zibilak eta militarrak, istiluak eta arpilaketak gelditzeko, suntsipena eta suteak amaitzeko eta legea errespetatzen duten estatubatuarren eskubideak babesteko", gaineratu du.

Horrez gain, AEBko hiriburua, Washington, babesteko neurri "erabakigarriak" azkar hartu dituela esan du. "Bart gauean hiri honetan gertatu zena erabateko zoritxarra izan zen", deitoratu du.

Trumpek adierazi duenez, Administrazioa "erabat konprometituta" dago Floyden heriotzagatik justizia egitearekin, baina istiluek eta arpilatzeek kalte egiten diote helburu horri, horren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Salaketak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Manifestazioak Giza eskubideak