Mundua -

Koronabirusa

Trump eraginkortasunik gabeko antipaludiko bat hartzen ari da koronabirusaren aurka

Trump sendagai hori modu prebentiboan hartzen ari da, zink gehigarri batekin, lehen lerroan izurritearen aurka borrokan ari diren osasun langileen iritzian oinarrituta.

Trumpek hidroxiklorokina hartzen ari dela adierazi du, COVID-19 sintomarik gabe. Argazkia: EFE.
Trumpek hidroxiklorokina hartu duela jakinarazi du
Hidroxiklorokina hartzen duela jakinarazi du Trumpek

1:08

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak jakitera eman duenez, aste eta erdi darama hidroxiklorokina hartzen, koronabirusaren kontrako eraginkortasuna zientifikoki frogatu gabe duen sendagai bat.

Trumpek azaldu duenez, Etxe Zuriko mediku bati galdetu zion ea botika har zezakeen, eta medikuak berarentzat ez zegoela gomendatuta adierazi zion, koronabirusean positibo eman ez duelako. "Zer pentsatzen zuen galdetu nion, eta esan zidan: Tira, nahi baduzu... Eta bai, hartu egin nahi dut", azaldu du Trumpek, prentsaren aurrean egindako adierazpenetan.

Trump botika hori modu prebentiboan hartzen ari da, zink gehigarri batekin, lehen lerroan koronabirusaren izurriteari aurre egiten ari diren eta hidroxiklorokina erabili duten osasun langileen iritzian oinarrituta.

"Hemen dago nire proba: dei positibo asko heltzen zaizkit botika horren inguruan. Orain arte ondo dagoela dirudi", adierazi du Trumpek. "Harritu egingo lirateke zenbat jende hartzen ari den (koronabirusa) izan aurretik, bereziki lehen lerroko langileak. Hidroxiklorokina hartzen ari naiz oraintxe bertan", gaineratu du.

Bestalde, Sean Conley Etxe Zuriko medikuak adierazi duenez, Trumpek hidroxiklorokina prebentzioz hartzeak izan ditzakeen onurek arriskuak gainditzen dituzte.

"Berak (Trumpek) eta nik, hidroxiklorokinaren aldeko eta kontrako ebidentziei dagokienez, horren balizko onurak arrisku erlatiboak gainditzen dituela ondorioztatu dugu", idatzi du Conleyk Etxe Zuriko memorandum batean.

Era berean, agintari estatubatuarra "sasoi onean dago eta ez du sintomarik", horren arabera. COVID-19a atzemateko proba diagnostikoa behin baino gehiagotan egin diotela jakinarazi du, eta "orain arte denek negatibo eman dute", gaineratu du.

Trumpek hidroxiklorokina hartzen duela jakiteak ezinegona eta eskarnioa ekarri ditu adituen eta telebistako aurkezleen artean, beste pertsona batzuk anima ditzakeelako bigarren mailako ondorio indartsuak dituen botika hori hartzera.

"Arrisku talde batekoa bazara eta birusa saihesteko tratamendu prebentibo gisa hartzen baduzu (...) eta biztanleria kaltebera bazara, hil zaitzake", esan du Neil Cavuto Fox Newseko aurkezleak.

Martxoan eta apirilean Trumpek hidroxiklorokina koronabirusaren aurkako tratamendu gisa erabiltzea babestu zuen, ondorio positiboak dituela baieztatzen duten frogak urriak diren arren. Trumpek orduan adierazi zuenez, "gaixoek ez dute ezer galtzeko" botika hori hartuz gero, eta prebentzioz erabiltzea eskatu zuen.

Ameriketako Estatu Batuetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioak koronabirusa duten gaixoei klorokina erabiltzeko baimena eman die, baina medikuak aginduta bakarrik, bihotzeko arazo larriak sor ditzakeelako. Malaria kasuetan edo lupusa tratatzeko erabili ohi da.

AEBn baieztatu dira koronabirus kasu gehien, 1.504.386, eta COVID-19a zuten 90.194 pertsona hil eta 283.178 sendatu dira, datu ofizialen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak Koronabirusa