Mundua -
Koronabirusa
Italiak mugak irekiko ditu berriro ekainaren 3tik aurrera
Gainera, ekainaren 15tik aurrera antzokiak eta zinema-aretoak irekiko dituzte, eta haurrentzako udalekuak antolatuko, Giuseppe Conte Italiako presidenteak iragarri duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Giuseppe Conte Italiako presidenteak iragarri duenez, ekainaren 15tik aurrera Italiako antzokiak eta zinema-aretoak irekiko eta haurrentzako udalekuak antolatuko dituzte. Gainera, ekainaren 3az geroztik, Europar Batasuneko herrialdeekiko mugak berriro irekiko dituzte, eta hori turismoaren mesederako izatea espero du Italiako presidenteak.
20:30ak pasata kazetarien aurrean agerraldia egin du Contek eskualdeko laguntzarekin onartutako azken bi dekretuen nondik norakoak azaltzeko. Astelehenetik aurrera, irekiko dituzte denda txikiak, jatetxeak, ileapandegiak eta gozotegiak. Horrekin batera, maiatzaren 25etik aurrera, igerilekuak eta gimnasioak ere irekiko dituzte.
Contek gogoratu duenez, astelehenetik aurrera Italiako edozein eskualdera bidaiatu ahalko dute herritarrek, inolako arrazoirik justifikatu gabe. "Bizitza soziala eta lagunekin elkartzea itzuliko dira", azaldu du, baina talde handien arteko bilkurek debekatuta jarraitzen dutela zehaztu du.
Pertsonen arteko distantzia metro batekoa izango da, eta babes-maskara eramatea gomendatuko da, leku itxietan eta jende asko pilatu daitekeen leku irekietan ere. Dendetan sartzeko derrigorrezkoa izango da musuko erabiltzea.