Mundua -
Koronabirusa
Osasun larrialdi egoera uztailaren 10era arte luzatu du Frantziak
Azken 24 orduetan koronabirusarekin 80 hildako gehiago izan dira, martxoaren 17az geroztik izandako hildako kopururik txikiena. Guztira, 26.310 pertsona hil dira Frantzian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasun larrialdi egoera datorren uztailaren 10era arte luzatzea onartu du larunbat honetan Frantziako Asanblada Nazionalak, lege-proiektuaren puntu polemikoen gainean senatariek eta diputatuek akordio lotu ostean.
Osasun larrialdi egoera luzatzeko baimendu duen lege-proiektuari oniritzia eman dio aurretik oposizioko eskuin-alderdiaren esku dagoen goi-ganberak. Gero, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen esku dagoen Asanblada Nazionalak onartu du testua.
Lege-proposamenak 252 aldeko boza jaso ditu (Gobernuko alderdia, kontserbadoreak eta talde txiki independenteak), eta 87 kontrako boza (sozialistak eta komunistak).
Hildakoen datuen gaurkotuak
Frantziako Osasun Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan koronabirusarekin 80 hildako gehiago izan dira, martxoaren 17az geroztik izandako hildako kopururik txikiena. Martxoaren 1az geroztik, 26.310 lagun hil dira Frantzian (16.573 hildako ospitaletan eta 9.737 adinekoen egoitzetan).
Gainera, 22.614 lagun daude ospitaleratuta (110 gutxiago ostiralarekin alderatuta), eta 2.812 lagun zaintza intentsiboetan (56 gutxiago). Horrek kasu larrien murrizte geldoa baieztatzen du.
Guztira, martxoaren 1az geroztik 138.854 positibo izan dira eta, pandemia hasi zenetik, 56.038k alta jaso dute.