Mundua -
Koronabirusa
AEBn jarduera ekonomikoa abiatzean hildako gehiago izan daitezkeela onartu du Trumpek
Ekonomia suspertzeko beharra nabarmendu du AEBko agintariak, eta, konfinamenduak eragindako bakardadearen ondorioz, droga-gaindosiak eta suizidioak nabarmen igo direla esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) konfinamendua arintzeko neurriak hartu ostean jarduera ekonomikoa berriro abian jartzen den bitartean, "litekeena da" COVID-19aren ondorioz pertsona gehiago hiltzea bertan, Donald Trump AEBko presidenteak elkarrizketa batean esan duenez. Arrisku hori egon badagoela onartzen dutela gaineratu du.
Dena dela, Trumpen hitzetan, "urruntze sozialarekin jarraituko dugu, eskuak garbituko ditugu eta azkenaldian ikasi ditugun beste gauza asko egingo ditugu".
Ildo horretatik, ekonomia suspertzeko beharra dagoela nabarmendu du agintari estatubatuarrak, eta, konfinamenduak eragindako bakardadearen ondorioz, droga-gaindosi eta suizidioak nabarmen igo direla esan du. "Ikusi zer gertatzen ari den. Jendea bere lana galtzen ari da. Ekonomia bultzatu behar dugu eta hori da egiten ari garena", esan du.
Gainera, herritarrei denbora luzez urruntze neurriak errespetatzeko eskatzea "ez da errealista", eta "ezin gara gure etxean eserita egon hiru urtez", gaineratu du.
Halaber, koronabirusak eragindako pandemiaren etapa gainditzearen inguruan, AEBko presidentea baikor agertu da, COVID-19 gaitzaren aurkako txertoa lortzen den edo ez alde batera utzita. "Hildako gehiago egongo dira, baina birusa garaituko dugu, txerto batekin edo txertorik gabe", adierazi du.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.