Mundua -
Koronabirusa
Senatua, konfinamendua biguntzeko Macronen Gobernuaren proposamenaren aurka
Goiko Ganberan egindako bozketan, 89 senatarik arbuiatu dute plana, eta 81ek, aldiz, babestu dute; 174 abstenitu dira. Hori bai, emaitza ez da loteslea.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako Senatuak konfinamendua biguntzeko frantziar Gobernuaren proposamena arbuiatu du. Plana Edouard Philippe lehen ministroak aurkeztu du astelehen honetan, eta, egindako bozketa sinbolikoan (izan ere, emaitza ez da loteslea, eta Gobernuak plana gauzatu ahalko du), Goiko Ganberak proposamenaren aurka egin du: 89 senatarik arbuiatu dute plana, 81ek babestu dute, eta 174 abstenitu dira.
Gobernuaren planaren arlo eztabaidagarrienetako bat da maiatzaren 11rako aurreikusita dagoen ikastetxeetarako buelta. Buelta hori, azken egunotan Hezkuntza ministroak eta Philippe berak azaldu dutenez, mailaz mailakoa izango da, eta adin txikieneko ikasleekin hasiko da.
Astelehen honetan, lehen ministroak argudiatu du konfinamendua "erloju-bonba" izan zitekeela, umeen eskolatzean izango lituzkeen ondorioengatik: "Hondamendia litzateke ume eta nerabe zaurgarrienentzat", adierazi du. Philipperen esanetan, horietako askok ez dute euren esku Internet edo elikadura egokia, "eta ez dute beraientzako lekurik". Adingabe horiek, esan duenez, "ikastetxera bueltatzeko aukera izan behar dute".
Beraz, gehitu du, Gobernuaren iritziz lehentasuna du ikastetxeetara bueltatzeak, "osasun-aginduak" ahaztu gabe. Aurreikuspena da geletan gehienez hamabost ikasle egotea, eta buelta mailaz mailakoa eta boluntarioa izatea.
25 urtetik beherako 800.000 herritarrentzako laguntza
Halaber, Philippek iragarri du Gobernuak 200na euroko laguntza emango diela 25 urtetik beherako 800.000 gazteri, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egin diezaioten: "Konfinamenduaren ondorioz, unibertsitate-jatetxeak itxi egin dituzte, gazte askok elikatzeko eta ostatu hartzeko behar duten lana galdu dute, zenbait gazte egoera oso larrian daude", nabarmendu du.
Frantziako Gobernuak astelehen honetan baieztatu duenez, pandemiagatik hildakoen kopuruak 25.000 herritarren muga gainditu du; azken 24 orduotan, 306 lagun zendu dira, COVID-19aren ondorioz.