Mundua -

KORONABIRUSA

200 mediku eta erizain bidali ditu Kubak Hego Afrikara COVID-19aren kontra laguntzeko

Pandemia hasi zenetik ia 1.500 espezialista bidali ditu Kubak 21 herrialdetara: Italiara, Catarrera, Mexikora, Hondurasera, Venezuelara, Haitira eta Jamaikara, besteak beste.

Kubako medikuek agur ekitaldia egin diete lankideei, abiatu aurretik. Argazkia: EFE
Kubako medikuek agur ekitaldia egin diete lankideei, abiatu aurretik.
Kubako medikuek agur ekitaldia egin diete lankideei, abiatu aurretik. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Afrikako Gobernuak COVID-19aren pandemiaren aurka laguntza eskatu eta gero, igande honetan 216 osasun langile kubatar iritsiko dira bertara, borroka horretan parte hartzeko asmoz: 85 mediku, 20 erizain eta hainbat espezialitatetako 111 profesional, zehazki.

Kubak Cabo Verdera, Angolara eta Togora ere bidaliak ditu bere profesionalak koronabirusa zabaltzen hasiz geroztik. Lagunduko duen laugarren herrialde afrikarra da, beraz, Hego Afrika.

Henry Reeve nazioarteko larrialdietan laguntzeko taldeko kideak dira 216 pertsona horiek. Medikuntza orokorreko medikuak, bioestatistican adituak, bioteknologialariak, teknikariak eta epidemiologoak dira, besteak beste. Profesional bakoitza kasu klinikoen inguruko kudeaketa, esperientzia eta ezagutzaren arabera aukeratu dutela adierazi du Kubako Gobernuak eta Hego Afrikako Gobernuaren beharren arabera, probintzia ezberdinetan arituko direla.

Duela bost urte Henry Reeve taldeak Afikan ebolaren epidemia kontrolatzen lagundu zuen eta bere lana saritu zuen 2017an Osasunerako Mundu Erakundeak.

Azken aldi honetan, koronabirusaren pandemia hasi zenetik, ia 1.500 espezialista bidali ditu Kubak 21 herrialdetara: Italiara, Catarrera, Mexikora, Hondurasera, Venezuelara, Haitira eta Jamaikara, besteak beste.

2005ean sortu zuen Fidel Castro presidente zenak Henry Reeve taldea, New Orleansi (AEBak) laguntza emateko, Katrina urakanaren osteko krisian, baina Washingtonek uko egin zion laguntzari.

2019ra arte 400.000 espezialista kubatarrek eman dute laguntza 164 herrialdetan. Gaur egun, 37.000 osasun langile ditu Kubak 67 herrialdetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Kuba Latinoamerika Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa