Mundua -
Koronabirusa
1.427 pertsona hil dira Frantzian egun bakarrean, Europako daturik altuena
Dagoeneko 10.328 pertsona hil dira herrialdean koronabirusaren eraginez. 30.000 pertsonak ospitalean jarraitzen dute, 7.131k zainketa intentsiboetan.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako osasun agintariek jakitera eman dutenez, dagoeneko 10.328 pertsona hil dira herrialdean koronabirusaren eraginez; izan ere, azken 24 orduetan 1.427 pertsona hil dira Frantzian. Pandemia hasi zenetik Europa osoan izan den daturik altuena da hori.
Horietako 7.091 ospitaleetan hil dira, 607 azken egunean, eta beste 3.237 zaharren egoitzetan, 829 azken 24 orduetan, Jerome Salomon Frantziako Osasun zuzendari nagusiak azaldu duenez. Gainera, 30.000 pertsonak ospitalean jarraitzen dute, horietako 7.131k zainketa intentsiboetan, aurreko egunean baino 59 gehiago.
Horren aurrean, Europak "pandemiaren erdigunea" izaten jarraitzen duela deitoratu du Salomonek, eta zainketa intentsiboetan dauden gaixoen % 61ek 60 eta 80 urte bitartean dituztela jakinarazi du. 30 urtetik beherakoak, berriz, 100 bat dira.
"Estatu mailan, gehiegizko hilkortasuna egonkortzen ari da", adierazi du Salomonek, eta hildakoen % 82k 70 urte baino gehiago dituztela esan du. Frantzian egun batean hildakoen datua bikoiztu egin zen astelehenean, bi egunetan behera egin ondoren.
Dena dela, 20.000 pertsona inguru sendatu dira osasun arloko krisia hasi zenetik, gaixotasuna ospitaleratu gabe gainditu dutenak kontuan hartu gabe.