Mundua -
Koronabirusa
Koronabirusaren ondorioz hildakorik gabeko lehen eguna dute gaur Txinan
Guztira, 77.167 lagun sendatu dira, horietako 89 azken 24 orduetan. Bestalde, 3.331 pertsona hil dira han, koronabirusaren eraginez, pandemia hasi zenetik.
Agentziak | Erredakzioa
Txinako Osasun Ministerioak astearte honetan jakinarazi duenez, azken 24 orduotan ez da hildakorik izan koronabirusaren ondorioz herrialdeko 31 probintzietan, eta ez da transmisio lokalik ere izan.
Guztira, 81.740 kasu baieztatu dituzte Txinan, beste herrialde batzuetatik joandako 32 pertsonatan koronabirusa atzeman ondoren. Testuinguru horretan, nazioartean kutsatu diren 983 pertsona artatu dituzte Txinan azken asteetan.
Bestalde, 3.331 pertsona hil dira han koronabirusaren eraginez pandemia hasi zenetik. Halaber, 77.167 lagun sendatu dira guztira, horietako 89 azken 24 orduetan.
Herrialde horretako osasun agintariek azaldu dutenez, 89 pertsona kutsatuta egon litezke oraindik, eta medikuen behaketapean 14.499 daude, koronabirusa atzeman dieten gaixoekin kontaktua izan ostean. Astelehenean, 2.365 pazientek amaitu zuten osasun-jarraipena.
Azkenik, Txinako Osasun Ministerioak 914 koronabirus kasu baieztatu ditu Hong Kongen (horien artean, lau hildako izan dira) eta 44 Macaon. Halaber, 216 gaixori alta eman diete Hong Kongen eta beste hamarri Macaon, sendatu ostean.
Txina COVID-19 gaitzak gogorren astindu dituen herrialdeen artean seigarren dago, AEB, Italia, Espainia, Alemania eta Frantziaren atzetik. Nazioarteko datu guztiak batuz, koronabirusak eragindako pandemiak 74.800 hildako baino gehiago utzi ditu eta kaltetuen kopurua 1,3 milioitik gorakoa da.