Mundua -
Koronabirusa
Boris Johnson ospitaleratu dute, prebentzio-neurri gisa, koronabirusa dela eta
Downing Streetetik esan dutenez, "ez da larrialdiko ospitaleratzea", eta lehen ministroak, besteak beste, "tenperatura altua du".
Agentziak | Erredakzioa
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ospitaleratu dute, COVID-19 gaitzak eragindako "sintoma iraunkorren aurrean" prebentziozko neurri gisa.
Johnsonek 55 urte ditu, eta martxoaren 27an eman zuen positibo koronabirusean. Ordutik, Londresko bere egoitza ofizialean isolatuta egon da.
"Bere medikuaren gomendioei jarraituz, lehen ministroa ospitaleratu egin dute, probak egiteko", adierazi du gobernuburuaren bozeramaile ofizialak ohar baten bidez.
"Kontuz jokatzeko hartutako prebentziozko neurria da, lehen ministroak positibo eman eta hamar egunera koronabirusaren sintomak izaten jarraitzen baitu", gaineratu du.
Johnsonek "sintoma arinak" zituela esan dute orain arte Downing Streetetik; "ez da larrialdiko ospitaleratzea", eta, besteak beste, "tenperatura altua" du, esan dute orain.
Ildo horretatik, Johnsonek lehen ministro lanetan jarraitzen duela eta ministro guztiekin zein goi funtzionarioekin kontaktuan dagoela azpimarratu du Downing Streetek.
"Lehen ministroak eskerrak eman dizkie osasun sistema publikoko langileei, egindako lanagatik, eta Gobernuak etxean geratzeko emandako aholkuei jarraitzeko eskatu die herritarrei, osasun sistema publikoa babestu eta bizitzak salbatzeko", gaineratu dute aipatu oharrean.
Erresuma Batuan orain arte 4.903 pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, horietatik 621 azken 24 orduetan. Horrez gain, 47.806 pertsona kutsatu direla baieztatu dute Osasun arduradunek, 195.524 test egin ostean.