Mundua -
Koronabirusa
EBk bi aste barru aztertuko ditu berriro neurri ekonomiko gehiago
Europar Batasuneko liderrek bideokonferentziaz egindako goi-bileran, Italiak eta Espainiak ekintza ekonomiko sendoagoa galdegin dute.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek Eurotaldeari eskatu diote bi aste barru koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko proposamenak aurkezteko; izan ere, Italiak eta Espainiak ekintza ekonomiko sendoagoa galdegin dute.
"Bi aste barru proposamenak aurkezteko eskatzen diogu Eurotaldeari. Proposamen horiek kontuan izan beharko dute COVID-19 gaitzaren inpaktua; ez du aurrekaririk, eta gure herrialde guztietan du eragina", dio EBko liderrek onartu duten adierazpen bateratuak. Bideokonferentziaz egin dute goi-bilera, eta sei ordu baino gehiago eman dituzte batzartuta.
EBko liderrek ez dute akordiorik itxi, beraz, eztabaidagai zituzten bi neurri nagusien gainean; ondorioz, berriro aztertu beharko dute euroguneko erreskate-funtsean esku hartzea, alegia, Egonkortasunaren Europar Mekanismoa, eta "koronabonuak" jaulkitzea, hau da, EBren zorra. Eurotaldeko ekonomia eta finantza ministroen zain dago dena.
"Aukera guztiak eztabaidatu ditugu, eta, konpromiso oso sendoan oinarrituta, ahaleginetan jarraitzea erabaki dugu. Prest gaude behar den guztia egiteko konponbide zuzena topatzeko, baina lanean jarraitu behar dugu", esan du Europako Kontseiluko presidente Charles Michelek, prentsaurrekoan, bilera amaituta.
"Mahai gainean dauden gainerako aukera guztiak eztabaidatzeko, atea zabalik dago", baieztatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.