Mundua -
Nazioarteko larrialdia
Izen ofiziala eman diote Txinako koronabirusari: COVID-19
"Izena jartzea garrantzitsua da izen zehaztugabeak edo estigma sor ditzaketen beste batzuk saihesteko", azaldu du Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak.
Agentziak
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) izen ofiziala jarri dio Txinan sortutako koronabirus gaitzari: COVID-19 deituko da aurrerantzean, Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak Genevan (Suitza) eskainitako prentsaurreko batean iragarri duenez. Nazioarteko aditu talde bat Suitzako hiri horretan bilduta egon da koronabirusari aurre egiteko neurriak adostu nahian.
"Izena jartzea garrantzitsua da izen zehaztugabeak edo estigma sor ditzaketen beste batzuk saihesteko. Horrez gain, balizko etorkizuneko agerraldietan erabiltzeko izen estandarra ematen digu", azaldu du. Munduko Osasun Erakundeak emandako jarraibideen arabera, izen ofizial berria ezin da erabili leku geografiko zehatzak, animaliak edo pertsona zehatzak izendatzeko.
Gaitzari aurre egiteko txertoaz galdetuta, Tedrosek ohartarazi du gutxienez urtebete eta erdi itxaron beharko dela: "Lehen txertoa 18 hilabeteren buruan lor dezakegu; ordura arte eskura ditugun neurriekin egin beharko diogu aurre birusari".
Munduko Osasun Erakundeak COVID-19 birusari buruz emandako azken datuen arabera, Txinan 44.653 pertsona kutsatu dira eta horietako 1.113 hil dira.
Txinatik kanpo, 393 pertsona dira kutsatutakoak 24 herrialdetan. MOEko zuzendari nagusiaren hitzetan, COVID-19 "gizateriaren etsairik handiena da" eta "ezein ekintza terroristak baino ondorio politiko, ekonomiko eta sozial larriagoak ditu".
Bestalde, Marie-Paule Kieny MOEko goi-mailako zientzialariak adierazi duenez, COVID-19 birusari egindako analisi genetikoek iradoki dute saguzarrek kutsatu ahal izan zutela. Dena den, zehaztu duenez, Wuhango elikagaien azokan (bertan omen du sorburua agerraldiak) ez zituzten saguzar asko topatu, eta, beraz, litekeena da kutsatzea bitarteko animalien bidez gertatu izana.