Mundua -
Epidemia
EBk bi hegazkin mobilizatu ditu Europako herritarrak Txinatik ateratzeko
250 frantses inguru irtengo dira lehen hegaldian eta edozein herritartasuneko beste 100 bigarren hegaldi batean.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak Europar Batasunaren babes zibileko mekanismoa jarri du martxan, Frantziak eskatuta, Europako herritarrak Wuhandik aterako dituzten bi hegazkin mobilizatzeko.
Mekanismo horren bidez, eskualdean dagoen Europar Batasuneko edozein herritarrek aberriratzea eskatu dezakeela adierazi du erkidegoko Exekutiboak, herritartasuna edozein izanda ere. Gainera, EBk garraioaren kostuaren zati bat ordainduko du.
Bruselaren arabera, lehen hegaldia Frantziatik irtengo da asteazken goizean eta 250 frantses garraiatuko ditu. Bigarren hegaldia ere aste honetan irtengo da eta kide diren Estatuetako 100 herritar garraiatuko ditu.
Europako Batzordearen arabera, Frantziarena jaso duten lehen laguntza eskaera izan da, eta komunitateko gainerako kideek ere antzerako eskaerak egitea espero dute datozen egunetan.
Momentuz, programa horren bidez soilik osasuntsu dauden europar herritarrak edo koronabirusaren sintomarik ez dutenak irten ahalko dira Wuhandik.
Bestalde, Brusela "prest" dagoela kide diren Estatuei laguntzeko eta koronabirusari erantzun "tinko eta koordinatu" bat emateko adierazi du Stella Kyriakides Osasun komisarioak.