Mundua -
Venezuela
Petrolioa petro kriptodirua erabiliz saltzeko agindu du Madurok
Petrolio-ekoizpen osoa petroan saltzeko asmoa du Venezuelako presidenteak, Asanblea Nazional Konstituziogilean (ANC) urteko balantzearen hitzaldian azpimarratu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako 4,5 milioi petrolio-upel petro kriptodirua erabiliz saltzeko agindu dio asteazken honetan Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak PDVSA estatuko enpresari. Izan ere, petrolio-ekoizpen osoa petroan saltzeko asmoa dute, Asanblea Nazional Konstituziogilean (ANC) egindako urteko balantzearen hitzaldian azpimarratu duenez.
Maduroren iritziz, "jende askori ez zaio gustatzen petroa erabiltzea, negozioak dolarretan dituztelako", eta kriptodiru horren aurka daudenen artean, "lapurrak eta mafiak" daudela gaineratu du. Alabaina, bere ustez, Venezuelako diru digital horrek "eskua mozten dizkie gaizkileei".
Duela ia hiru urte kaleratu zuen petroa Madurok, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Europar Batasunak funtzionario eta estatu enpresa batzuen aurka jarritako zigorrei ihes egiteko asmoz, baina martxan sartu eta egun batzuetara, AEBko Gobernuak ez zuen kriptodiru hori erabiltzea onartu.
Horren erabilera, aberriko karnetarekin dago lotuta, alegia, Maduroren Gobernuak laguntzen banaketa kudeatzeko erabiltzen duen errolda paraleloarekin. Testuinguru horretan, oposizioa petroaren aurka agertu da, boto-emaileei xantaia egiteko balio duelakoan.
Maduroren esanetan, "Venezuelako Bolibartar Errepublikaren zerbitzu guztiak" (gaur egun indarrean dauden tasak, tarifak eta dibisetako komisioak, besteak beste) kriptodiru horretan kobratuko dituzte.
2018an, Manuel Quevedo Petrolio ministroak esan zuen Venezuelak Estatuko kriptodirua, petroa, "Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundera (LPEE) eramateko asmoa" zuela, "diru digital hori etorkizuneko petrolio transakzioetan erabiltzeko".
Handik denbora gutxira, Errusiak erantzun zuen herrialde horretako finantza agintarien ordezkariak Venezuelan izan zirela, kriptodiru hori ezagutzeko asmoz, baina oraindik ez dute aurreikusi alde biko transakzioetan erabiltzea.