Mundua -
ERRESUMA BATUA
Johnson: 'Azkenean, iritsi da brexit-a babesteko unea'
Jeremy Corbyn laboristak, bestalde, gogor kritikatu du Johnsen eta Junckerrek asteon adostutakoan, eta diputatu britainarrak 'ez engainatzeko' eskatu du.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Europar Batasunak eta Erresuma Batuak asteon adostutako akordioa bozkatuko du gaur arratsaldean Komunen Ganberak, ezohiko bilkuran. Goizean hasi da saioa, Boris Johnson lehen ministroaren hitzaldiarekin. Itxaropentsu agertu da buruzagi kontserbadorea, "azkenean, brexita" aurrera aterako delakoan. "Iritsi da momentua. Azkenean, brexita babestuko du Komunen Ganbera honek", esan du.
Haustura adostua gauzatzeko akordioa iragarri zuten Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak eta Johnsonen Gobernuak joan den ostegunean, eta gaur Parlamentuaren babesa behar du Johnsonek, akordio hori aurrera atera ahal izateko. Herrialdea "batzeko" eta Europarekin "harreman berriak ezartzeko" ordua dela nabarmendu du bere hitzaldian.
Herritarrak "nekatuta" daudela uste du lehen ministroak, eta prozesua luzatzeak ez diola inori onik egingo gaineratu du. "Brexita gehiago luzatzeak kostu handia izango luke, eta herritarren konfiantza galduko genuke denok", adierazi du.
2016an erreferenduma egin zenetik, "familiak banatu eta harremanak gaiztotu" egin direla esan du Johnsonek.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro ohiak adostu zuen akordioarekin alderatuta, Ipar Irlandako mugari buruzko atala da aldaketa ia bakarra. Gainerakoan, bi akordioen testuak oso antzekoak dira.
Corbyn, kritiko
Jeremy Corbyn buruzagi laboristak, bestalde, gogor kritikatu du Johnsonek eta Junckerrek asteon adostutakoan, eta diputatu britainarrak "ez engainatzeko" eskatu du.
"Gobernu kontserbadore hau ez da fidatzekoa, ez gaitzatela engainatu akordio honekin", esan du Corbynek.
Johnsonek adostutako testua aurrekoa baino "okerragoa" dela ziurtatu du, eta, besteak beste, "milaka britainiarren lanpostuak kolokan" daudela azpimarratu du.